Dos Erres nekazari komunitatean Guatemalako armadako eliteko unitate batek 1982an agindako sarraskiagatik 6.060 urteko espetxe zigorra ezarri diote Pedro Pimentel militar ohiari. Aurrez militar talde bereko beste lau kide zigortuak zituzten, 201 lagunen heriotza eragin zuen operazioagatik. Pimentel, 55 urtekoa, iaz estraditatu zuten AEBetatik.
Guatemalan 1960 eta 1996 artean izan zuten gatazka armatuko gertakaririk larrienetakoa izan zen duela 30 urte Dos Erres komunitatean gertatutakoa. Gerrillak armadari ostutako 21 fusilen bila ari zen armadako eliteko unitate bat, kaibil deitua. Eta Dos Erresen, Peten departamenduko nekazari komunitate batean, 201 lagun hil zituzten. Jose Efrain Rios Montt jeneral kolpista (1982-1983) zegoen agintean Guatemalan. Urtarriletik etxeko arrestatzean daukate Rios Montt, genozidioagatik auziperatuta.
Dos Erresen hildako bakoitzagatik 30 urteko espetxe zigorra jaso du Pimentelek, eta beste 30 urtekoa gizateriaren aurkako krimenagatik. Aurrez zigortutako beste lau militar ohiek jaso zuten zigor bera. Guatemalako legedian, hala ere, 50 urtekoa da gehieneko espetxealdia. Aho batez hartu dute erabakia epaimahaiko hiru epaileek.
Pimentelek, epaia jakinarazi aurretik, errugabea dela esan zuen auzitegian. Dos Erres komunitateko sarraskia gertatu zen egunean, bera, Ohorezko Guardiako kide gisa, Guatemalako Hirian zela berretsi zuen. Baina bi lekukok, Fiskaltzaren arabera Dos Erres komunitateko sarraskian parte hartu zuen kaibil unitateko kideak horiek ere, Pimentelek sarraskian parte hartu zuela baieztatu zuten: «Pertsona bat nola hiltzen den, erakustaldia ere egin zuen». Guatemalako berunezko urteetako 660 sarraskietako bat da Dos Erresekoa. 200.000 hil eta 45.000 desagertu utzi zituen gatazkak.•
Pertsonaia. Pedro Pimentel
Rios Montten eliteko kaibila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu