“Errugabea naiz”, defendatu du azkenera arte Efrain Rios Montt diktadore ohiak (1982-1983), ez duela krimenik egin etnia edo erlijio bateko ezein komunitateren kontra, baina epaileek besterik erabaki dute Guatemalan: 80 urteko kartzela zigorra jarri diote, 50 genozidioa egotzita eta 30 gizateriaren kontrako krimenengatik. Ixil etniaren “deuseztatzailea” izan zen.
Erabakia jakin bezain laster, epaiketa “nazioarteko ikuskizun politikoa” izan zela salatu du, eta “guatemelarren bihotza eta arimari eragiten” diola. “Batere euskarririk ez duten usteetan oinarrituta” zigortu dute. “ Ez da auzi inpartzial bat izan”. Atzerriko interesek nahi zutena deliberatu dute epaileek, haren ustez.
Berehala espetxean sartuko dute, nahiz eta helegitea jarrito dion erabakiari, Konkretuki, 1.771 indigena ixil hil zituela egotzi diote, beste 29.000 desplazatu eragin zituela, eta bere agindupean zeuden tropek sistematikoki emakumeak bortxatu zituztela. “Rios Montt akusatuak gertatzen zen guztiaren berri zeukan”. Estatuburu gisara ixilen kontrako estrategia militarraren arduradun izan zela ondorioztatu dute.
Hegazkinen bidez herrialdea bonbardatzeaz gainera, “emakumeak bortxatzea eta gosea gerra estrategia gisara erabili" zituela esan du epaileak. Emakumeak eta umeak izan ziren armadak egindako sarraskien biktima handienak. “Haurduin zeudenei umea kendu behar zitzaien txarra zen hazia hil egin behar zelako”, irakurri du epaileak. Gerrillaren partetzat jo zituzten Ixil etniakoak, eta 'Victoria 82' plana jarri zuten haien kontra egiteko.