Duela lau urte George Bushek erraz irabazi zituen bozak; orain, aldiz, inoizko sostengu mailarik baxuena du. Zer gertatu da?
Inor gutxi dago Bushekin gustura. Etxean, egoera ekonomikoa ez da batere ona, baina benetako arazoa Irakeko gerra da. Irailaren 11ko erasoen ostean, AEBekiko jarrera leundu egin zen nazioartean, baina Bushek muga guztiak gainditu zituen Irak inbadituta. Ez bakarrik Iraki eraso ziolako, baita gerra justifikatzeko gezurra erabili zuelako ere. Orduan Irakeko presidente zen Saddam Husseinek suntsipen handiko armak zituela esan zuen, eta baita Al Kaeda eta Husseinen artean loturak zeudela ere, guztia gezurra zela jakinda. Baina okerrena izan zen AEBek beren kabuz eraso ziotela Iraki, nazioartearen sostengurik gabe, alegia. Ekonomiak eta finantza krisiak, berriz, Bushekiko konfiantza eza handitu du. Ondorioz, bi hautagaiak, baina batez ere errepublikanoa, John McCain, Bushengandik aldentzen ahalegintzen ari da. Bada, noski, beste arrazoirik ere, besteak beste, Guantanamoko torturak, osasun zerbitzuen arazoa eta abar. Horrek guztiak demokratei bidea erraztu die; izan ere, herritarrek aldaketa nahi dute eta Barack Obama bilakatu da aldaketa horren ikur.
McCainek, ordea, ez du erraza aldaketa ekarriko duela sinetsaraztea.
John McCain da errepublikanoek aukera zezaketen pertsona egokiena presidentetzarako hautagaia izateko, baduelako alderdikideen eta hautesleen sostengua. Baina garrantzitsuena da besteak baino errazagoa duela Bushen administrazioarengandik aldentzea, lehendik ere egin izan duelako, Irakeko gerrari edo zergen gaineko politikari dagokienez, esaterako. Sarah Palinek berak lehendik ere esan izan du Washingtonen jende gehiegi dagoela boterean jarraitu nahi duena.
Bi hautagaiak ari dira aldaketaz hitz egiten, baina aukerarik izango dute hitzeman dituzten horiek denak betetzeko? Utziko diete askatasunik Washingtonen, atzerri politika aldatzeko, adibidez?
Atzerri politika aldatzea ezinbestekoa dute AEBek, Bushen politikagintzatik aldendu nahi badute. Izan ere, hori izan da herritarren sostengua galarazi diona. McCainek argi utzi du atzerri politikan ez luketela aldaketa gehiegirik egingo. Iraganean egungo presidentearen jarrera kritikatu bazuen ere, orain Iraken jarraitzearen aldekoa da. Aldiz, Obamak presidentetza lortzen badu, nazioarteko agintarien AEBekiko jarrera aldatuko da, Estatu Batuek afrikar-amerikar gazte bat izango duelako presidente, eta demokrazia handi batean halakorik gertatzen den lehen aldia litzatekeelako. Egia da beste herrialde batzuetan emakumezkoek zuzentzen dutela gobernua, baina orain arte zuria ez zen inor ez zen herrialde bat zuzentzera iritsi herrialde zuri batean. Bestalde, nazioartean bertan ere Obamaz maitemindurik daude.
Egia da Obamak Irakeko gerra bukatu nahi duela, baina Afganistanera soldadu gehiago bidaltzeaz ere hitz egin du.
Hori, hala ere, ez litzateke arazoa. Egia da Afganistango gatazka konplikatuagoa dela, baina han nazioartearen sostengua izango luke, Iraken ez bezala. Bestalde, nazioarteak ikusten du Irakeko Gobernua gai dela herrialdea bere kabuz kontrolatzeko. AEBetako militarrak ateratzen direnean, epe motz edo luzean, egoerak ez du zertan okerrera egin garai batean Afganistanen gertatu bezala. Bi herrialde desberdin dira eta ezin ditugu berdin begiratu.
McCainen kontra egiteko erabiltzen duten argudioetako bat da esatea Palin ez dagoela prest presidenteorde izateko.
Gauza bat da Palin pertsona egokia izatea hautagaitzarako eta bestea presidenteorde izan beharko lukeen. Nire ustez, politikari gehienek dituzte gaitasunak buruzagitzan aritzeko. McCainek hartutako erabakia zuzena den edo ez jakiteko, ordea, hauteskundeak igaro arte itxaron beharko dugu. Demokratek gehiengo zabala lortzen badute Kongresuan, eta batez ere, Senatuan 60 eserleku edo gehiago eskuratzen badituzte, esan nahiko du errepublikanoek oker jokatu dutela. Bestalde, Palin aukeratu izana baino kaltegarriagoak izan dira errepublikanoentzat Bushen politikak eta finantza krisia. Segur aski McCainek pertsona seguruago bat, esperientzia handiagokoa eta demokrata aukeratu izan balu bere bigarren izateko, aukera gehiago izango zituen irabazteko. Egia da, hala ere, hasieran Palin aukeratu izanak bultzada handia eman ziola errepublikanoen kanpainari, baina Palinek ez du batere ondo bete bere rola, eta okerreko adierazpenak egin ditu elkarrizketa eta agerraldietan.
Obamak Kongresuan gehiengo zabala lortzea ezinbestekoa dela esan duzu. Zer gertatuko da eskuratzen ez badu?
Ez dut uste demokratek eserlekurik galduko dutenik Kongresuan, baina galdera da lortuko duten gehiengoa zenbatekoa izango den. Gerta daiteke demokratek bera estu hartzea egin nahi dituen aldaketak baino urrunago joan ez dadin. Kasu horretan, eta eskatutakoa egingo ez balu, Kongresuak geldi ditzake berak egindako beste hainbat proposamen. Hala ere, uste dut bide onetik goazela.
AEB-etako hauteskundeak
Robert Y Shapiro: "Bushek muga guztiak gainditu zituen Irak inbadituta"
Robert Y Shapirok urte asko daramatza AEBetako politikagintza ikertzen, eta hainbat liburu ere idatzi ditu, besteak beste, =iManipulazio politikoa eta erantzukizun demokratikoen galera=i. Dena den, badu itxaropenik etorkizunean, eta ziur da demokratek irabazten badute, aldaketa etorriko dela, nahiz eta horrek esan nahi ez egun batetik bestera Ameriketako Estatu Batuen arazoak konponduko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu