Romano Prodiren garaipena berretsi du Auzitegi Gorenak

Presidentetza Berlusconirentzat izatea proposatu du Forza Italiak, hala herrialdea «orekatuago» egongo dela argudiatuz

Erredakzioa
2006ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Italiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen atzo hauteskundeez geroztik guztien ahotan zebilena, Romano Prodiren Unione aliantzak irabazi zituela bozak, alegia. Prodi gustura agertu zen: «Jada ez dago zalantzarik. Irabazten duenak agintzeko eskubidea eta betebeharra du». Italiako lehen ministro berria izango denak nabarmendu zuen egonkortasuna bermatzeko adinako gehiengoa lortu dutela Senatuan. Zentro-ezkerreko aliantzako buruak hitz eman zuen lan egingo duela italiar guztien onespena bereganatzeko. «Azkenean amaitu da hauteskundeen auzia».

Zalantzan jarritako 5.200 boto aztertu ostean hartu zuen erabakia auzitegiak. Horren arabera, zentro-ezkerraren eta zentro-eskuinaren artean 24.755 botoko aldea dago soilik. Horiek hala, Kongresuan gehiengo osoa lortu du Prodik. Senatuan, berriz, Silvio Berlusconik baino bi senatari gehiago izango ditu. Bien arteko aldea horren txikia izateak orain arteko lehen ministroaren haserrea eragin zuen, ondorioz, Berlusconik zalantzan jarri zituen hasieran apirilaren 9an egin ziren hauteskundeetako emaitzak. Emaitza aldatzeko azken ahaleginean, Berlusconiren aldeko ministro ohi batek, Roberto Calderolik, helegitea aurkeztu zuen atzo Gorenean, botoak gaizki zenbatu zituztela salatzeko. Telebistan Mahomaren karikatura batekin agertzeagatik dimisioa eman behar izan zuen ministroaren arabera, Unionek beretzat hartu zituen berez Lega Alleanza Lombardarenak ziren botoak. Alderdi hori hautesunde barruti bakarrera aurkeztu zen, eta Calderoliren iritziz, hauteskunde barruti bakarrean aurkezten den talde batek ezin du nazio mailako aliantza batekin bat egin. Hori hala izan balitz, Berlusconiren Casa delle Liberta (Askatasunen Etxea) koalizioak gehiengoa izango zuen Legebiltzarrean. Gorenak, ordea, ez zituen Calderoliren argudioak onartu.

Berrikusketa gehiago

Lerro hauek idazteko unean Berlusconik berak oraindik adierazpenik egin ez zuen arren, zentro-eskuineko koalizioko zenbait kidek bozak berriz zenbatzeko eskatzen jarraitzen zuten. Tartean jarduneko Ekonomia ministro Giulio Tremontik. Haren esanetan, bien arteko aldea horren txikia izanik, kontrol neurri bereziak hartu behar dira emaitzak egiaztatzeko: «Kontrol horiek egin ostean, irabazleak agindu behar du, nahiz eta boto bakarraren aldearekin irabazi».

Berlusconiren Forza Italia alderdiko bi eurodiputatuk, Antonio Tajanik eta Mario Maurok, aldiz, atzerriko botoen zenbaketan iruzurra egin zela salatu zuten atzo. Boto horiei esker garaitu zion Unionek Askatasunen Etxeari Senatuan. «Akatsak egon dira. Nahita egindakoak edo ez, arreta jartzeko adinakoak izan dira», salatu zuen Tajanik Europako Legebiltzarrean. Zentro-eskuineko bi eurodiputatuen arabera, atzerrian bizi diren italiarren «ehunka kexu» jaso dituzte azken egunetan.Prodi lehen ministro eta Berlusconi presidente izatea proposatu zion zentro-ezkerreko aliantzari Forza Italiako koordinatzaile Sandro Bondik: «Akordio instituzional bat posible balitz, Gobernuaren zuzendaritza Prodiri emango genioke, eta bitartean Berlusconi Quirinalera presidentearen egoitza joango litzateke, edo alderantziz». Haren iritziz, era horretan «oreka lortuko litzateke» herrialdearentzako. Berlusconik berak ere eskaini izan dio elkarrekin agintzea Prodiren Unioneri, baina zentro-ezkerreko aliantza ez dago halako proposamenik onartzeko prest. Bestelakoa izan zen UCD Demokrata Kristauen Batasuna alderdiaren jarrera. Hark Prodiren garaipena onartu zuen eta zorte ona opa egin zion. Askatasunen Etxea koalizioko kidea da UCD.

Ciampiren azken agintaldia

Legediaren arabera, Italiako presidente Carlo Azzeglio Ciampik onespena eman behar dio gobernu berriari hura indarrean jartzeko. Ciampik, baina, maiatzaren 18an amaitzen du agintaldia eta, itxuraz, ez du beste zazpi urtez jarraitzeko asmorik. Italiarrek karguan jarraitzea nahiko luketen arren, Ciampik 85 urte ditu eta erretiratzeko asmoa du. Ez, ordea, politikatik, bizi osorako senatari karguan egongo baita.

Italian presidentea Legebiltzarrak aukeratzen du. Horrek esan nahi du Prodik denen gustuko hautagaia aurkitu beharko duela maiatzaren 18a baino lehen. Ez du erraza izango helburua lortzen, kontuan izanda zentro-eskuinak ez diola nolanahi sostengua emango. Bi dira, hala ere, gehien aipaturiko izenak: Massimo d'Alema eta Giuliano Amato. D'Alema lehen ministro izan zen, eta orain arte Ezkerreko Demokratak alderdiko buru. Berlusconi lagun duen une beretik zentro-eskuineko askok sostengatzen dute. Amato, berriz, Italiako presidente izan zen 1999. eta 2000. urteen artean. Askoren iritziz, Ciampiren antzeko profila du, eta nahikoa esperientzia du presidentetza hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.