Romneyk Tea Partyren hurbileko bat hautatu du presidenteorde izateko

Paul Ryan AEBetako errepublikanoen plan ekonomikoaren egilea izendatu izana kritikatu dute demokratek

Arnaitz Lasarte.
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Mitt Romney AEBetako presidentetzarako hautagai errepublikanoak Paul Ryan kongresista izendatu du presidenteordetzarako hautagai. Alderdiko sektorerik kontserbadoreenean kokatzen da Ryan, eta Barack Obamaren kudeaketa ekonomikoa kritikatu duen Tea Party mugimendu eskuindarreko faboritoa da. Gai ekonomikoetan, pisu handia du alderdi errepublikanoaren barruan, eta hark egindako aurrekontu plan bat onartu berri du AEBetako Ordezkarien Ganberak. Bere ondoko gisa Ryan aukeratuta, Romneyk programa neoliberalak indartzearen aldeko apustua egin du.

Ryan duela 42 urte jaio zen Wisconsin estatuan eta 1999az geroztik estatu hori ordezkatzen du AEBetako Kongresuan. Hain justu, azaroaren 6ko hauteskundeetan lehia estua espero da Wisconsinen. Romneyk boto batzuk erakarri nahi ditu Ryan aukeratuta. Gainera, Washingtonen Romneyk baino esperientzia handiagoa du Ryanek, eta presidentegai errepublikanoak Kongresuarekin negoziatzeko erabili dezake.

Egun, Ordezkarien Ganberako Aurrekontuen Batzordeko presidentea da Ryan. AEBetako defizita gutxitzeko errepublikanoek aurkeztutako planaren bide orriaren egilea da. Hain zuzen ere, 2013ko urte fiskalerako hark bultzatu duen aurrekontu proposamena apirilean onartu zuen Ordezkarien Ganberak. Ganbera horretan demokratek baino ordezkari gehiago dituzte errepublikanoek.

Ryanen proposamenak politika neoliberalean sakontzen du: diru gehiago bideratu nahi du Defentsara eta gutxiago gobernuak martxan jarritako programa sozialetara. Familia behartsuei laguntzak murriztea proposatu dute errepublikanoek, eta Obamak martxan jarritako osasun erreforma geldiaraztea.

Modu horretan, Defentsako aurrekontuetan egindakomurrizketak gelditu nahi dituzte, Hezkuntza eta Osasun arloko programak bigarren mailan utziz. Horrez gain, irabazien gaineko zerga kentzea da Ryanen asmoa, herrialdeko aberatsenen mesedetan.

Azken hilabeteetan, demokratek Ryan kritikatu egin dute plan horregatik. Hori dela eta, Romneyk atzo presidenteorde gisa aurkeztu ostean, berehala iritsi da demokraten erreakzioa. Jim Messina Obamaren kanpainako zuzendariaren arabera,plan «erradikalaren» arkitektoa da Ryan, eta errepublikanoek krisi ekonomikoa eragin zuten akatsak errepikatuko dituzte: «Oker dabiltza. Aberatsenei zergak murrizteak ez du ekonomia sendoago bat sortuko». Defizita handitu egingo litzatekeela uste dute, eta klase ertaina kaltetuko litzatekeela.

Messinak gogorarazi du, George Bush presidente zenean, haren politika ekonomikoak babestu zituela Ryanek. Horregatik, krisi ekonomikoaren erantzuleetako bat dela dio demokratak. Obama berak behin baino gehiagotan «erradikaltzat» jo du errepublikanoaren aurrekontu plana. «Darwinismo soziala» bultzatzen duela egotzi dio AEBetako presidentetzarako hautagaiak Ryani. Aberatsenen alde egiten duela eta behartsuenen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.