Presidentetza eskuratzeko lehiakideengandik hainbat kritika jaso eta gero, demokratek aldatu egin dute datozen lau urteetarako lan ildoak zehazten dituen hauteskunde testua. Jerusalem Israelgo hiriburutzat aitortu, eta jainkoaren inguruko adierazpena txertatu dute. Antonio Villarraigosa Los Angelesko alkateak hiru aldiz errepikatu behar izan du ahozko bozketa, aldaketari baiezkoa ematen ziotenen ahotsa ezezkoaren gainetik entzun zedin. Izan ere, Charlotteko batzar nazionalean parte hartu duten ordezkari asko erabakiaren aurka agertu dira.
Duela lau urteko hauteskunde kanpainan, «Jerusalem Israelgo hiriburua da, eta hala izaten jarraituko du» zioten demokratek. Baina aurten adierazpen hori kendu egin dute testutik, «herrialde arabiarren eta Israelen arteko tirabiran posizio orekatuagoa erakusteko». Mitt Romney hautagai errepublikanoak, ordea, Israeli «babes ahula» erakustea leporatu die demokratei. Eta Alderdi Demokratako bozeramaile batek azaldu du AEBetako Gobernu demokrata eta errepublikano guztiek izandako jarrera bera mantentzen duela Obamaren gobernu taldeak Israelekiko.
Fedean oinarritutako hizkera
Jainkoaren inguruko adierazpen faltagatik egindako kritikei, berriz, agiria fedean oinarritutako hizkeran idatzita zegoela esanez erantzun diete demokratek. Baina azkenik, jainkoa esplizituki aipatzen duen adierazpena txertatu dute: «AEBetako Gobernuak herritarrei lagundu behar die jainkoak emandako botereari ahalik eta probetxu gehien atera diezaioten».
Romneyren kritikek demokraten hauteskunde testua aldarazi dute
Jerusalem Israelgo hiriburutzat onartu, eta jainkoaren inguruko adierazpen esplizitu bat txertatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu