Rosetta zundaren benetako misioa azaroan iritsiko da. 2004ko martxoaren 2an bidali zuen Europako Agentzia Espazialak, eta helburua 67/P Txuriumov-Gerasimenko kometan lurreratu eta robot bat uztea da, bizitzaren sorrera ikertzeko. Azken 31 hilabeteetan, ordea, itzalita bidaiatu du zundak kometaren inguruan energia aurrezteko. 11:00etan zuen ordua. Une horretan hasi da sensoreak berotzen, jada esnatu da. Bideoa: ESAren zuzeneko emankizuna (ESA).
[Livestream]http://www.livestream.com/eurospaceagency[/Livestream]
Eguzkitik 600 eta 800 milioi kilometro artean dago une honetan zunda, eta bidaia horretan Lurraren eta Marteren grabitate indarra baliatu du, ez baitago zunda distantzia horretara botako duen suzirik. Behin esnatuta energia panelak eguzkiari begira jarri eta kometaren argazkiak ateratzen hasi behar luke, betiere sistema elektronikoak hondatu ez badira. Horiek baliatuz prestatuko dute azaroko lurreratzea. Robatarekin ikertu nahi dute 67/P kometan bizitza sortu zuten oinarri molekular organikoak ba ote dauden. Izan ere, kometek ez baitute eboluzionatu Unibertsoa sortu zenetik, planetek ez bezala. Kometaren azaletik 30 zentimetrora hartuko ditu laginak.
ESAk Alemanian duen basean seinalearen zain egon dira goizetik. 2011ko uztailetik dago itzalita Rosetta (Egiptoko hieroglifoak dezifratzeko aukera eman zuen Rosetta Harriaren izena jarri zioten). ESAn gaurko eguna aspalditik zuten egutegian gordea. Sensoreak berotzen direnean motorrak piztuko ditu lehenik, ondoren energia panelak eguzkiari begira jarriko ditu, eta lehen seinalea bidali du Lurrera. Azaroan uztekoa duen robotak 100 kiloko pisua du, eta kometaren azaletik metro batera askatuko du, lurreratze modulu bati esker.
Guyana Frantsesetik bota zuten zunda, eta harrezkero kometaren orbitan aritu da biraka. Bidaia horretan bi asteroideren argazkiak atera ditu, eta behin baino gehiagotan hurbildu da Lurrera eta Martera. 2011n, ordea, eguzkitik urrunen dagoen bidaiaren zatia iritsi zen, eta argi gutxi zegoenez, erabaki zuten itzaltzea, argindar nahikoa sortzen ez zuelako. Zati batzuk soilik mantendu zituzten piztuta. Egonkortasuna ez galtzeko bere ardatzarekiko bueltak ematen aritu da. Orain, eguzki sistemaren barrualdera itzultzen hasiko da kometarekin batera.