Herrialde Katalanak eta Okzitania osoa jasotzen dituen mapa baten bi bertsioak aurkeztu zituzten asteartean Frantziako Ekialdeko Pirinioetako Kontseilu Nagusiak eta Terra Nostrak, katalanezko ikas-materiala prestatzeaz arduratzen den argitaletxeak. Katalanezko bertsioa Rosselloko udal eta eskoletan banatuko du Kontseilu Nagusiak, eta okzitanierazkoa Languedocen.
Maparen egitasmoa joan den urtean iragarri zuen Joan Becat Perpinyako Unibertsitateko Geografia irakasle eta maparen egileak, Bartzelonako Udako Unibertsitate Katalanean. Lehenengo aurkezpena egiteaz batera, erakundeen laguntza lortzen ahalegintzea zen helburua, eta baita lortu ere: Alguereko Obra Kulturalak, Arango Haraneko Kontseilu Nagusiak, Eurokongresuak eta Okzitaniako zentro batek, besteak beste, 25 eta 50na erosi zituzten, lehen tirada atera ahal izateko.
Koloreetan dago egina mapa, 1,2x0,86 metro da, plastifikatuta dago, euskarri bat du, eta gordetzeko plastikozko hodi batekin dator. 1.000 ale atera dituzte, eta haietatik erdiak Kontseilu Nagusiak erosi ditu, udal eta eskoletan banatzeko; besteak, salgai daude 30 euroren truke Perpinya eta Bartzelonako liburudendetan, Udako Unibertsitate Katalanean eta posta elektronikoz.
Okzitanieraz eta katalanez hitz egiten den lurralde osoa jasotzen du mapak, baita bertako herri eta hirien izenak ere. Gainera, bi alde ditu. Batean, Okzitania eta Herrialde Katalanak agertzen dira, eta, bestean, Europako mapa, gaur egungo muga politikoekin.
Urtarrilean hartu zuen Kontseilu Nagusiak egitasmoa babesteko erabakia eta ekainaren amaieran amaitu zen inprimatze lana.
Kritikak
Azken urteetan, Kontseilu Nagusia kritikatua izan da, Rosselloko eskola katalanei besteei baino diru laguntza txikiagoa ematen dietelako. Horregatik, zenbaiten ustez, katalanaren aldeko neurriak hartzen dituela frogatzeko keinua izan da maparena. Kontseilu Nagusiak Frantziako Errepublikaren azentu katalana leloa hartu du eta ondasunei lotutako egitasmoetara bideratu du ahalegin handiena, hizkuntza babestu beharrean.
Valentzian agintean diren alderdiek, bereziki, Herrialde Katalanetatik bereizteko erakusten duten grinak eta lurraldetasunak sortzen duten polemikak berezi egiten dute Kontseilu Nagusiaren babesa.
Bestelakoan ere, Avui egunkariaren aurkako salaketa kanpaina gogorra egin zuen 1996an Bernard Bonnet Korsikako prefet zenak, Herrialde Katalanetako mapa bat argitaratu zuelako Espainia eta Frantziaren mugak jarri gabe.
BESTE BATASUNA. HERRIALDE KATALANAK
Rosselloko eskoletan Herrialde Katalanetako mapa banatuko dute
Frantziako Ekialdeko Pirinioetako Kontseilu Nagusiak udalei ere helaraziko die mapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu