«Nire bizitzako misiorik garrantzitsuena da hau». Hitz horiekin hartu zuen Brasilgo gidaritza Dilma Rousseffek joan zen urtarrilean. Brasildarrek bi hilabete lehenago hautatu zuten presidente, eta, geroztik, tinko eutsi dio haiek emaniko aginduari. Burdinazko dama ezizena erabili izan dute zenbait hedabidek Rousseffen izaera eta politika egiteko modua izendatzeko; hark, ordea, azpimarratu du estereotipo hutsa baino ez dela. Dena den, orain arteko ibilbidean erakutsi du lana seriotasunez egiteko helburua duela: Rousseffen gobernuko sei ministrok beren kargua «utzi» dute—horietako bostek iruzur ekonomikoak egin izana egotzi dietelako—, eta Brasilen arazorik sakonena den pobreziaren kontra gogor dirau lanean. Luis Ignacio da Silva Lula-ren txotxongilo baino ez zela ziotenek ere atzera egin behar izan dute, eta errealitatea onartu: Rousseffek agintzen du Brasilen, eta zorroztasuna da haren formula.
Hala ere, Rousseff hautagai «ezezaguna» zen presidentetzarako aurkeztu zenean. Iragan urriko hauteskundeetan brasildarren %21ek ez zioten jaramonik egin botoa ematera joateko bigarren deialdiari, eta abstentzioa azken urteetako handiena izan zen. Bozetara joan zirenen erdiek, baina, Rousseffen alde egin zuten, uste zutelako bi hamarkadatan boterean izan zen eta brasildarren %80ren oniritzia zuen Lularen jarraitzailea izango zela. Beraz, horietako askok PTko ordezkaria nor zen ere ez zekiten garai hartan. «Behar dudan bakoitzean joango naiz Lularengana ate-joka», nabarmendu zuen agintaldiaren hasieran Rousseffek, baina hilabeteak aurrera, gidaritzarako nortasun propioa duela erakutsi du.
Hain zuzen ere, ekainaren 7an erabaki zaila hartu zuen: Antonio Palocci Etxe Zibileko ministroa —gainerako ministerioak kontrolatzeaz arduratzen dena— eta Lula presidente ohiaren laguna «erortzen» utzi zuen Rousseffek. Legez kanpo aberastu izana egotzi zioten hari, eta iruzurra azaleratu zenean Paloccik berak dimisioa eman behar izan zuen. Izan ere, Rousseffek, bere gobernuaren irudia garbitu eta barne egonkortasuna ziurtatzearen alde egin beharrean, eskandalua agerian utzi eta ez zion babesik erakutsi Palocciri; Brasilgo Gobernuko barne ustelkeriaren aurkako lehen urratsa izan zen.
Baina ez azkena: hilabete geroago Alfredo Nascimendo Garraio ministroak «utzi» zuen bere kargua, eta abuztuaren 5ean Nelsom Jobim Auzitegi Goreneko presidente ohi eta orduan Defentsa ministro zenak dimisioa eman zuen. Jobim Brasilgo Mugimendu Demokratikoaren Alderdiko kidea zen; hau da, Rousseffen gobernu koalizioko alderdirik handieneko partaidea. Ministro horiek ezinbestekotzat jotzen zituzten orduan legealdiaren martxa ona eta gobernuaren funtzionamendua ziurtatzeko; Rousseffek, ordea, atzeko atetik irteten utzi ditu, eta ordezkoak izendatu. Haien ondoren beste hiru etorri dira; Wagner Rossi Nekazaritza ministroa, Pedro Novais Turismo ministroa, eta azken-azkena Orlando Silva, Kirol ministroa, iragan asteazkenean gobernua utzi zuena.
Kritiken aurrean, zorrotz
Kargu horietan guztietan ezarri diren ordezkoen izendapenak, baina, hainbat kritika eragin ditu, horiek dimisioa aurkeztu duten politikarien alderdi berekoak direlako kasu gehienetan. Beraz, Rousseffi egotzi diote ez dituela erabat deusezten ustelkeria sareak. Baina hark hartu dituen hainbat erabaki zailek ere askoren miresmena sortu dute. Batetik, Gleisi Hoffmann senataria ezarri zuen Palocci ministro ohiaren lekuan, 48 urteko emakume zorrotz eta nahikoa ezezaguna. Bestetik, boterea errepublikako presidentetzan biltzeko nahia ere azaldu du, eta, horretarako, ministerioetako ordezkariek zuzenean bere aurrean erantzun dezatela eskatu du, ez soilik beren alderdi politikoen aurrean.
Aditu askoren arabera, dena den, kaleratze horiek ez dira nahikoak, eta ministerioen erreforma sakona ezinbestekoa da Rousseffek bere gobernu propioa eratu dezan. Lulak «oinordetzan» utzi dionak, hain zuzen, barne krisia eragingo duela uste dute. Presidenteak berak ere jasan ditu kargu aldaketen ondorioak, azken dimisioaren eraginez Kirol Ministerioaren lanak gelditu egin baitira. Hala, 2014ko Futbol Mundialerako egiten ari diren obrak bertan behera geratu dira epe batez, —lanak dagoeneko atzeraturik zeuden—. Adituen esanetan, Futboleko Munduko Koparen eta 2016an Rio de Janeiron egingo diren Joko Olinpikoen ikusketek argi erakutsiko dute Rousseffen «garbiketa politikak» emaitza onak eman ote dituen.
Atzo urtebete egin zuen boterea eskuratu zuenetik, eta Rousseffek brasildarren babesa lortu du: inkesten arabera, herritarren %70 agertu dira gustura presidentearen lanarekin, eta haren independentzia goraipatu dute. Hasieran, adituek uste zuten gizarteak mesfidantza erakutsiko zuela, Lularekin alderatuz emakume hotza eta gogorra zelako eta brasildarrek jende hurbilagoa gustuko izaten dutelako. Bainaez da hala izan. Gainera, Lularekin harreman ona mantentzen jarraitzen du, Rousseffek hartutako zenbait erabaki presidente ohiaren noranzkotik urrutiratu badira ere, eta hark atzerriko zereginetan jarraitzen du, barne politikan sartu gabe.
Rousseff ezagutzen dutenen aburuz, duen botere itzelaren jakitun da, eta horrek ez dio buruhausterik eragiten. Horren ordez, lanean gogor jarraitzen du Brasilen mesedetan.
Ibilbide luzea
Belo Horizonten (Minas Gerais, Brasil) jaio zen Dilma Rousseff, 1947ko abenduaren 12an. Gaztetatik jarraitu zituen ideia marxistak, eta gerrillaria egin zen. Brasilgo diktaduraren aurka borrokan ibili zen —1964tik 1985era bitarte iraun zuen diktadurak—, eta 1969an egin zen klandestino. Urtebete geroago, baina, atxilotu eta kartzelatu egin zuten, eta han egon zen hiru urteetan torturak jasan zituela adierazi izan du. 1973an, irten zenean, Brasil hegoaldera joan zen bizitzera; ekonomia ikasketekin jarraitu zuen, eta 30 urterekin amaitu zituen. Berriro ere politikagintzan hasi zen: 2000. urtean PT Langileen Alderdian afiliatu zen, eta 2002an Lularen gobernuko kide bilakatu zen.
Rousseff, bere lekuan
Orain urtebete Brasilgo presidente aukeratu zutenetik sei ministro kaleratu ditu Dilma Rousseffek, ia denak ustelkeria kasuengatikLula presidente ohiaren ondorengo hutsa baino askoz ere gehiago dela erakutsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu