Dilma Rousseff presidenteak Luiz Inacio da Silva Lula izendatuko du Presidentziako ministro. Hori dela eta, Justizia arruntak ezinen du presidente ohia auzipetu, eta soilik Auzitegi Gorenak izanen luke egozten zaizkion ustelkeria salaketak ikertzeko eskumena. Horregatik, haren aurkako prozesuak mantsotu eginen lirateke. "Brasilgo edozein herritar bezala aurre egin beharko die salaketei, bai ikuspuntu legaletik, bai politikotik", adierazi du Mauro Vieira Atzerri ministroak.
Gobernuak ez du ofizialki jakinarazi Lularen izendapena, baina exekutiboko eta PT Langileen Alderdiko zenbait goi kargudun mintzatu dira jada. Jacques Wagnerren postua hartuko du Lulak. Presidentziako ministroa lehen ministro baten pareko kargua da. Brasilen presidenteak du estatuaren eta gobernuaren buruzagitza; ondorengotza lerroan presidenteordea da bigarren kargua, baina Presidentziako ministroa zuzenago lotuta dago gobernua zuzentzeko lanari. Horregatik, postu erabakigarria izanen du Lulak.
O Globo egunkariaren arabera, Lulak kargua onartzearen truke Rousseffi exijitu dio larrialdirako plan bat onartzea ekonomia zuzentzeko. Hilabeteko epean neurri bereziak hartu nahi ditu Lulak. Ministro karguan izanen duen lehenbiziko erronka izanen da Rousseffen aurkako kargugabetze saioari aurre egitea kongresuan.
Dirua zuritzea, bidegabeki aberastea eta ondasunak ezkutatzea egotzita, Poliziak hiru orduz atxikita eduki zuen Lula hilaren 4ean, eta haren jabetzak miatu zituen. Petrobras petrolio konpainiaren inguruko ustelkeria auzian nahasi dute Lula, eta haren aurkako auzipetze saiakera ere hasia du Sao Pauloko Fiskaltzak. Presidente ohiak dio PTren gobernua ezegonkortzea dela bere aurkako salaketen arrazoia.