Frantzia

Royalen eta Bayrouren arteko eztabaida beste telebista kate batean izango da

Canal Plusek alboratu egin du saioa, Sarkozy presidentegaiak ez lukeelako PSko buruaren "aukera bera" izango, baina BMF katea prest azaldu da eztabaida emateko. Bihar arratsaldean izango da.

2007ko apirilaren 27a
14:21
Entzun
Bai, ez, bai... Halaxe dabiltza Frantzian Segolene Royal PSko presidentegaiaren eta Francois Bayrou UDFko buruaren arteko telebista eztabaidaz. Azkenean bai, telebista kate batek emango du saioa, Le Monde-ren webak jakinarazi duenez: BMFk emango du; bihar arratsaldean, hain zuzen.

Hasiera batean, Frantziako Canal Plus telebista katea zen ematekoa, baina atzo gauean esan zuen ez duela bere katean Royalen eta Bayrouren arteko eztabaidarik egingo, Ikusentzuneko Kontseilu Gorenaren hautes araudia jarraitzearren. Kontseiluak dio Frantziako Presidentetzarako azken bi hautagaiek "aukera berak" izan behar dituztela -kasu honetan, Nicolas Sarkozy UMPko zerrendaburuak eta Royalek- eta bihar Canal Plusen egitekoa zen eztabaidarekin ez zela arau hori beteko.

Royal eta Bayrou ez dira ados azaldu erabakiarekin, horren atzean Sarkozyren "presioak" ikusi dituztelako. BMF katea prestatu zaie eztabaida egiteko. RMC Info irratiak ere emango du.

Interes handia piztu du saioak, Bayrouren jarraitzaileen boto-emaileak erabakigarriak izan daitezkeelako hauteskundeetako bigarren itzulian, maiatzaren 6an. Izan ere, Bayrouk ia zazpi milioi bozka lortu zituen aurreneko itzulian (%18,5eko babesa).

Sarkozy (%31,18) eta Royal (%25,87) maiatzaren 2an ariko dira eztabaidan telebistan; TF1en eta France2n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.