Iruzur salaketen artean egingo dituzte gaur presidentetzarako bozak Georgian. Levan Gatxetxiladze oposizioko buruak iruzur egin nahi izatea leporatu dio egungo presidente Mikhail Saakashviliri. Biak dira gaurko bozak irabazteko faboritoak eta bien arteko aldea txikia da oso. Hauteskundeak askeak izango ez diren kezka du oposizioak eta horregatik «hautestontzi bakoitza zaintzeko» deia egin dei bere jarraitzaileei Gatxetxiladzek: «Georgiako herritarrei boza emateko deia egiten diet eta gure aldekoei hautesleku bakoitzeko hautestontzi bakoitza zaintzeko». Saakashvilik, baina, iruzur egiteko asmoa duenik ukatu eta bozak «askeak eta justuak» izango direla esan du. Nazioarteko milioi bat begirale ikuskatuko dituzte hauteskundeak.
Orotara hiru milioi eta erdi herritar daude deituta gaurko bozetan parte hartzera. Saakashvili eta Gatxetxiladzeren arteko aldea txikia izaki bigarren itzulia egin beharko dela iragarri dute inkestek. Tbilisi hiriburuan handiagoa da bi aurkarien arteko aldea, bost puntukoa, baina orotara zazpi hautagai lehiatuko dira. Badri Patarkatsishvili da hirugarrena inkestetan. Georgiako gizon dirudunena da eta azaroan piztu ziren protestekin oposizioarekin bat egin zuen Patarkatsishvilik. Azken orduan bozetan parte hartzea erabaki du. Lehiatuko diren hautagaien artean emakume bat dago: Imedi (Itxaropena) alderdiko Irina Sarishvili. David Gamkremlidze (Eskuin Berria), Shalva Natelashvili (Alderdi Laborista) eta Georgi Maisashvili (Etorkizuna) dira beste hautagaiak.
Gatxetxiladze oposizioko bederatzi alderdiren artean osatu duten koalizioko ordezkaria da. Iragan azaroaren hasieran herrialdean presidentearen kontra piztu ziren protesten sustatzailea izan zen bera. Saakashvilik salbuespen egoera ezarri behar izan zuen orduan bere aurkako protestak zirela eta. Krisia amaitze aldera dimisioa eman eta bozak aurreratu zituen presidenteak. Saakashvili hauteskundeetan lehiatuko zela iragarri zuen ondoren.
ITXAROPENAREN IKUR. Azaroko protestak egin arte politiko ezezaguna zen egun oposizioaren zerrendan lehiatuko den hautagaia. Mikhail Saakashviliren kudeaketak atsekabea piztu zuen herritarren artean itxaropenaren ikur bilakatu zen orduan Gatxetxiladze.Georgia errepublika parlamentarioan bihurtzeko hitza eman du eta agintea hilabete batzuen ostean uzteko.
Saakashvili Ameriketako Estatu Batuek zonaldean duten aliatu nagusia baldin bada, beste norabide batean begiratzen du Gatxetxiladzek. Errusiaren harremanak sendotzeko asmoa iragarri du, bereziki, bi herrialdeen arteko hartu emanak hoztu zirenetik herrialdeko ekonomiak izan duen beherakadari irtenbidea emate aldera. Tbilisik Moskuko lau militar kanporatu zituen 2006. urteko irailean espioitzaz akusatu ondoren. Iazko azaroan, berriz, hiru diplomatiko errusiar kanporatu zituen presidenteak bere kontra egiteko oposizioarekin bildu zirelakoan. Moskuk orduan blokeoa ezarri zion Tbilisi. Orduz geroztik ekonomiaren gainbehera handia izan da -Georgiak Errusiara esportatzen zituen produktu gehienak-.
Saakashvilik Washingtonen sostengua du, baina bere agintea arriskuan dago orain. Gaurko egoera eta duela lau urtekoa testuinguru berean kokatu daiteke eta, ildo horretan, presidentetza galdu dezake orain Saakashvilik. Orduan oposizioko burua zenak irabazi zituen bozak -bozen %96 lortu zituen--. Eduard Shevardnadze kargutik kentzea lortu zuen. Larrosen Iraultzaren sustatzailea izan zen Saakashvili. Oraingoan, baina, bera da boterea galtzeko arriskuan dena. Gatxetxiladze oposizioko burua da bere aurkari nagusia, hain zuzen ere,azaroan presidentearen kontra egin ziren protesten sustatzailea.
Presidentetzarako hautagaien artean hautatzeaz gain beste bi boto eman beharko dituzte gaur herritarrek. NATOn sartzeko erreferenduma egingo da batetik, eta, bestetik, legebiltzarrerako bozak noiz egin erabaki beharko dute. Saakashvilik urte amaieran egin nahi ditu eta oposizioak, berriz, aurki.
Saakashviliri gaurko bozetan iruzur egin nahi izatea leporatu dio oposizioko buruak
Georgiako presidente eta oposizioko buruaren arteko aldea txikia da, eta litekeena da bigarren itzulia egitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu