Irakeko okupazioaren ondorena

Saddan Hussein ez dela kolaboratzen ari dio Bremerrek, eta Al Diouriren bila jarraitzen dute

Paul Bremer AEBetako Gobernuak Iraken duen administraile gorenak NBC telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, Irakeko presidente ohi Saddan Hussein ez da okupazio indarrekin kolaboratzen ari, baina berari atzemandako informazioa dela medio "terrorista ugari" atxilotzen ari direla nabarmendu du. George W. Bushen Gobernuak 2004. urteko ekainean irakiarren esku utzi nahi duela Irakeko Gobernua esan du Bremerrek, baina aurretik "elkarrizketa sakon bat" eduki beharko dutela beraien artean. Bien bitartean, AEBetako armada operazio zabala egiten ari da erresistentziaren aurka, eta Izzat Ibrahim Al Diouriren bila jarraitzen du.

2003ko abenduaren 22a
16:16
Entzun
Irakeko Gobernu ohiko zerbitzu sekretuetako buru eta ustezko Irakeko erresistentzia armatuko gidarietako bat atxilotu dutela aurreratu berri dute AEBetako armadaren bozeramaleek. Bakuban atxilotu dute, Bagdad iparraldean, baina ez dute haren izenik eman. 'Suni hirukian' egiten ari da AEBetako armada sarekada egiten, Irakeko erresistentzia armatua ustez gidatzen duten irakiarren aurka. Bagdad hiriburuaz gain, Faluja, Ramadi eta Tikrit hirietan egiten ari dira atxiloketak. Izzat Ibrahim Al Diouri Saddan Husseinek konfidantzazko kidearen bila egiten ari dira sarekada, Al Diouri jotzen baitute erresistentziako burutzat.

Ramadi hirian AEBetako armadaren konboy militar bati ustez eraso egin dioten hiru irakiar atxilotu dituzte, baina armadaren iturriek ez dute zehaztu hildakorik dagoen ala ez. Falujan, berriz, AEBetako tropek hogei bat gazte atxilotu dituzte Irakeko erresistentzia armatuarekin zerikusia dutelakoan, lekukoek diotenez.

Bagdaden ere operazio zabala egiten ari dira soldadu estatubatuarrak. Atxiloketa aipagarrienak suntsipen handiko armen programan zerikusia dutelakoan atzemandako hiru zientzia-gizon dira. Hirurak irakasle dira Bagdadeko unibertsitatean. Irakeko behin behineko Gobernuaren arabera, hiru zientzia-gizon horiek itauntzen ari dira une hauetan. Iturri horien arabera, Saddan Husseinen atxiloketaren ondotik etorri da gaurko sarekada hau, nahiz eta AEBtako iturriek Husseinek ez zuela erresistentzia gidatzen esan.

Al Diouriren bila

AEBetako eta Irakeko behin behineko Gobernuaren begi guztiak Izzat Ibrahim Al Diouriren figuran daude jarrita, berau jotzen baitute Irakeko erresistentziaren gidari nagusi bezala. Al Diouri da Saddan Hussein konfiantzazko kideetatik atxilotzeke dagoen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.