Saharako gatazka izoztua, sutan

Tindufeko kanpalekuetan atzerritarrentzako segurtasun neurriak asko zorroztu ditu Fronte Polisarioak. Duela urtebete hiru kooperante bahitu zituzten, eta berriz halakorik gertatzea hondamendia litzateke sahararrentzat.

Lur eta hareazko murruen sare bat osatzen ari da Fronte Polisarioa, bere menpeko eremuan segurtasun neurriak zorrozteko. KARLOS ZURUTUZA.
Tinduf
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Murru gehiago eta gehiago egiten aritu gara azkenaldian», azaldu du Fronte Polisarioko Ahmed Salemek, bere noranahikoan batetik bestera dabilela Tindufen barrena, Aljeriako mendebaldean. Bestelako segurtasun neurri batzuk ezarri berri dituzte, baina ez dirudi berme nahikoa izango direnik mendebaldeko sahararrek, osorik hartuta, iraun dezaten.

Salem Ahmed basamortuko murru hareazkoan barrena doa gidari, Rabuniko sarrera ingururantz, saharar iheslarien kanpalekuen administrazio hiribururantz, Aljeria hegoaldean baitago. Handik yarda gutxi batzuetara, gau eta egun dabil lanean hondeamakina bat, eta Polisarioak han duen kontrolgunean geldiarazi gaituzte gizon kamuflatu batzuek. Mauritaniako mugaldetik kilometro gutxi batzuetara, lokatzezko etxez eta burdina izurtuzko teilatuz osaturiko itsaso horixe dute bizileku 200.000 pertsonak baino gehiagok.

Mendebaldeko Sahara deskolonizatze prozesu baten biktima izan zen; 1976an eten zen, Espainiak —haren aurreko kolonia potentziak— Marokoren eta Mauritaniaren eskuetan utzi baitzuen Erresuma Batuaren tamainako eremu idor hura. 1991ko su-eten akordioaz geroztik, lurraldearen zatirik handiena —Atlantikoko kostalde osoa barne— Rabaten kontrolpean dago; basamortuko zati txiki bat, ordea, luzaroan eremu huts izandakoa eta ekonomia aldetik baliorik gabekoa, Polisarioaren kontrolpean dago, Aljeriak erabat bereganatu baitzuen. Hantxe deklaratu zuen bere independentzia SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak, 1976an. Harrezkero, 82 estatuk SEAD formalki ezagutzea lortu du Polisarioak.

«Nazioarteko laguntzaren mende gaude, erabat; batik bat, Espainiatik datorkigunaren mende. Ezin onartu dugu berriro halakorik gertatzerik; bestela, goseak eta egarriak hilko gara basamortuan», azaldu du Salemek, iaz hiru kooperante bahitu izanari erreferentzia eginez argi eta garbi. Ez da harritzekoa, ez, askori latzak iruditzea ezarri berri dituzten segurtasun neurriak: atzerritarrentzat, gaueko zazpietan hasiko da etxeratzeko agindua; eskolta militarra derrigorrezkoa da, errepidez edozein txango egiteko; eta lur eta hareazko murruen sare bat eratzen ari dira. Aljeriako armada ere parte hartzen ari da, zelata dorreak eta radarrak jarrita.

«Marokoko hedabideek aurki iragarriko dute atzerritarren bisitak murrizten ari garela, baina haien segurtasunarengatik da», esan du Salemek. Kuban graduatutako ingeniari militarrak gaineratu du Rabatek duela, egiaz, munduko murru militarrik luzeena egin izanaren ospea; Frantziak diseinatua, 2.500 kilometrotik gora ditu luzean, Mendebaldeko Sahara alderik alde gurutzatuta.

Askok iradoki dutenez, Fronte Polisarioaren kontrolpeko lurraldean gertatutako bahiketa hark —lehenbizikoa eta bakarra—, ziur asko, gatazka pitzaraz dezake, 37 urtean izoztuta egon ondoren. Iaz, urriaren 22an, Rabuniko kanpaleku nazioartekotik hiru kooperante bahitu zituzten —Ainhoa Fernandez, Enric Gonyalons eta Rosella Urru—; ekintza hura talde armatu artean ezezagun batek hartu zuen bere gain, ezohiko bide batzuk baliatuta. Eskuburdinak jarri zizkioten, esaterako, zentro hartako langile bati, Ahmed Mohamed Aliri, eta, hark IPS berri agentziari kontatu zionez, erasotzaileak «ez ziren eskualdekoak, baizik eta tuaregak, ziurrenik».

Bahiketaren ondoren nabarmen jaitsi da bisitari atzerritarren kopurua. Berez, 200 bisitari baino gehiago ostatatzeko tokia dago kanpalekuan; baina, gaur egun, dozena erdi bat baino ez daude Rabuni kanpalekuan.

«Atzerritarren kontrako edozein erasok —izan bahiketa, errepide ondoko bonba leherketa, edo dena delako jazarraldi bat—, aurrez ezin jakineko ondorioak eragin ditzake, luze gabe, iheslarien etorkizunean. Ezbairik gabe, Saharako jendearen alderik ahulena da», azaldu du kanpaleku horretako Andoni Berriotxoa kazetariak; aditua da hango eremuan, eta ur putzuak egiteko proiektu batean koordinatzaile dabil Bir-Lehlun, Fronte Polisarioaren kontrolpeko saharar lurraldeetako administrazio hiriburuan.

Bestelako hipotesi batzuk

Bost eguneko konferentzia batean bilduta daude Dajlako iheslarien kanpalekuan —Rabunitik hego-ekialderantz, 170 kilometrora— Fronte Polisarioko hainbat buruzagi, Marokorekiko su-etena urratzeko eskatzeko asmoz. Salem Sehir, Fronte Polisarioko zuzendaritzako kide eta barrutiko gobernariak, bere ikuspegia jakinarazi dio IPSri: «Al-Qaeda eta tuareg mugimenduek, biek ala biek, bahiketarekin zerikusirik ez zutela esan zuten, eta arrazoi pisuzkoak ditugu uste izateko Rabatek finantzatu zituela bahitzaileak», azaldu du Sehirrek. «Rabati adina, ez zaizkio beste ezeini interesatzen haren ondorioak».

Besteak beste, Polisarioaren iturri militarrek adierazi dute bideak itxita dauzkatela; goi mailako ofizial marokoar bati, esaterako, sartzen uzteko eskatu omen zioten bi banakok Mauritania eta Maroko arteko mugaldean, bahiketa gertatu zen egunean.

«Egia da, zazpi hilabete hauetan izugarri jaitsi da bisitarien kopurua. Handia da eraso gehiagoren beldurra; baina ezin ahaztu dugu Espainiako krisia dagoela hainbat urritasunen atzean», dio atsekabez. «Erdira jaitsi dira Espainiara uda-pasa bidaliko ditugun haurrak; besterik gabe, hango familiek aurrerantzean ezingo diotelako eutsi jarduera horri».

Rabunin, berriz, honela mintzo da gatazkaz Jatri Aduh, Saharako Parlamentuko presidentea eta Polisarioak Marokorekiko negoziazioetarako duen buruzagia: «Alde bietako batek ere ez du irabaziko». Goi mailako ofizialak argi eta garbi azaldu du bere atsekabea, aurreko kolonia potentziaren eta NBEren ekintzarik eza dela-eta, zeina areagotu egin baitu Rabati Parisek baldintzarik gabeko laguntza eman izanak.

«Afrikako Batasuneko kide oso denez, SEADi dagokio eskualdeko segurtasunaz arduratzea, eta ez dugu ahaleginik txikiena ere egingo hori betearazteko», adierazi du goi mailako ofizialak; ez du iruzkinik egin nahi izan Marokok bahiketan ustez izan duen ikustekoaz, haren alderdiko hainbat kide eta lagunek egin dutenaz bestera.

Irmo hitz eginagatik, Aduhek ezin ezkutatu du bere kezka, eskualdeko ezegonkortasuna gero eta handiagoa baita, eta haren jendeak huraxe baitu babesleku bakar. Aljeriako basamortu ezatseginean eta Mali, Mauritania eta Mendebaldeko Sahararen eremuko mugaldearen erdibidean izaki, lokatzez eta burdina izurtuz egindako etxeen multzo hori bidegurutze bat da, besteak beste, droga trafikoaren, Al-Qaedako borrokalarien eta Azawadeko —bere burua estatu aldarrikatu berri du, Mali iparraldean— tuareg matxinatuen artean.

«Izugarriak dira etorkizunerako erronkak; hainbeste, non Marokori ere luzatu baitiogu eskua, segurtasun kontu komunetan elkar hartzeko. Zoritxarrez, gure ekinbideak ez du erantzunik izan oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.