Sahararentzat «irtenbide adostu» bat hitzeman du Marokok

Benkirane lehen ministro berriakesan du akordioak Marokoren lurraldearen osotasuna errespetatuko duela

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Mendebaldeko Saharako gatazkarentzat behin betikoa izango den «irtenbide adostua» lortzea Marokoko Gobernu berriaren lehentasunetako bat izango da. Irtenbide hori lortzeko gobernuak «ahaleginak areagotuko dituela» hitzeman du Abdelilah Benkirane lehen ministroak. Dena den, akordioak betiere Marokoko lurraldearen osotasuna errespetatuko duela argi utzi nahi izan du.

«Hegoaldeko probintziei autonomia handiagoa» emateko Rabaten proposamena babestu du PJD Justizia eta Demokrazia alderdiko buruzagiak, eta horretarako negoziazio prozesu bat martxan jarri behar dela adierazi du. Era horretan, argi utzi du Mendebaldeko Saharari eskumen gehiago emateren alde egingo badu ere Marokoren menpe jarraituko duela.

Abenduan, hain zuzen, Mendebaldeko Sahara askatzeko Fronte Polisarioaren XIII. kongresua egin zuten, eta, han, Mohamed Abdelaziz erakundeko buruak nabarmendu zuen irmo jokatuko dutelagatazkaren blokeoa bukatzeko. Marokoren aurka armak hartzeko aukera ere aztertu zuten kongresu horretan, izan ere, sahararrek lurralde okupatuetan eta kanpamentuetan duten bizimodu gogorraren eraginez, eta nazioartetik konponbiderik ez dela heldu ikusita, herritarren artean hazi egin da aukera horren aldeko sostengua.

Bestalde, Marokok Argeliarekin azken denboran duen «dinamika positiboa» indartuko duela adierazi du Benkiranek. «Harremanak guztiz normaldu» nahi dituzte, baita muga berriz ireki ere. Azaroaren 25ean irabazi zituen bozak PJD alderdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.