Herrialde arabiarretako matxinadak

Said blogariaren hiltzaileak zigortu dituzte Egipton

Zazpi urteko kartzela zigorra ezarri diete Egiptoko matxinadaren sinboloa hil zuten bi poliziei

Erredakzioa
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Alexandriako Zigor Auzitegiak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri die Khaled Said blogaria hil zuten bi poliziei, eta orain arte bertsio ofizialak esandakoaren kontra egin du. Auzitegiaren arabera, eta kasurako sortu den medikuen batzordeak esandakoa kontuan hartuta, bi poliziek arrazoirik gabe atxilotu zuten, indarkeria neurririk gabe erabili zuten, eta egindako tratu txarren ondorioz hil zen. Zehazki, jarritako poltsak itota, ez hark irentsitako marihuana poltsaren ondorioz, orain arte esan duten bezala.

Said joan den urteko ekainean atxilotu zuten ziberkafe batean zegoela, Alexandrian. Hori baino lehen, Hosni Mubaraken erregimeneko polizien gehiegikeriak erakusten zituen argazki batzuk jarri zituen sarean. Atxilotu, eta hil egin zuten.

Kasuak sutan jarri zituen gazteak; berehala oihartzun handia izan zuen, argazkiak zabaldu zituzten, eta Egiptoko Internet erabiltzaileen iritzi politikoak trukatzeko plataforma bilakatu zen Denok gara Khaled Said gunea, hilabete geroago erregimena amaitzeko eskatzera kalera irten ziren haiexena. Egiptoko matxinoen ikur bilakatu zen blogari gaztea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.