Trantsizioko Kontseilu Nazionalak gaur eguerdian jakinarazi duenez, Libia hegoaldean Saif al Islam atxilotu dute, Muammar Gaddafiren bigarren semea. Kontseilu Nazionalaren Justizia ordezkariak Al Arabiia telebista kateari esan dionez, Ubari hirian atxilotu dute, Nigerrera ihesi zihoala. Al Islamekin batera beste lau lagun atxilotu dituzte, eta esan dute zaintzapean dituztela Zintan-en. Han izango dituzte preso Libiako gobernu berria osatzen den artean. Libiako telebistak zabaldu dituen irudietan Saif al Islam itxuraz onik ageri da, baina hatzetan zauriak dituela. Urrian jasan zuen aire eraso batean zauritu zutela esan du, baina onik dagoela bestela.
Atxilotu dutenetako batek esan duenez, bi autotan zihoazen atxilotuak, eta hasieran izen faltsua eman du Al Islamek: Abdelsalam. Berehala ezagutu dute, ordea, eta arazorik gabe atxilotu dute. Jakin denez, hiru autotan zihoazen hamabost soldaduk atxilotu dute; albiste agentzien arabera, norbaitek salatu du Gaddafiren semea, eta esan du Gaddafiren erregimeneko goi-kargudun bat zihoala bi auto horietako batean. Tuaregen jantziak zeramatzatela atxilotu dituzte Al Islam lekukoen arabera. Aitarekin gertatu bezala hilko zutela uste omen zuen hasieran.
Saif al Islam Gaddafi sendiaren bozeramaile nagusietako bat izan zen, semeen artean mediatikoena, eta Gaddafiren erregimenaren kide gogorrenetako bat; askok erregimeneko bigarren agintaritzat jotzen zuten. Ekainaren 27an Nazioarteko Zigor Auzitegiak bera atxilotzeko agindua eman zuen, baina Trantsizioko Kontseilu Nazionaleko iturrien arabera Libian bertan epaituko dute, eta ez Hagan. Nazioarteko Zigor Auzitegiak atxiloketa baieztatu dute, eta edozer gauza egiten delarik ere legearen barruan egin dezaten harremanetan dago Libiako Justizia ministerioarekin.
39 urte ditu eta Muammar Gaddafiren erregimenaren inteligentzia zerbitzuaren buru zen Al Islam; gizateriaren kontrako krimenak leporatzen zaizkio. Azken egunetan Hagako Epaitegiak onartu du Al Islamek bere burua Libiako agintarien esku utz zezan negoziatzen ari zela. Hala ere, ez zuela bere aurkako epaiketa saihestuko esan du Luis Moreno-Ocampo fiskalburuak. Amnesty Internationalek Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku uzteko eskatu du.