Libia

Saif al Islam atxilotuta, Libiak amaiera eman dio Gaddafiren erregimenari

Libiaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren artean ika-mika eragin du atxiloketak, Tripolin edo Hagan epaitzearen inguruan Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak "epaiketa justua" agindu du Al Islamentzat.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko azaroaren 20a
17:41
Entzun

Muammar Gaddafiren oinordeko Saif al Islam atxilotu zuten atzo, Nigerrera alde egiten saiatzen ari zela, Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak baieztatu duenez. Libiako inbasioa hasi aurretik Gaddafiren ordezkotzat jotzen zuten, eta bere aitaren bideari eutsiko ziola esan izan du atxilotu duten arte, eta mehatxu ere egin izan du Libiako gerra zibila «Jugoslaviakoa edo Irakekoa baino okerragoa» izango dela. Orain, baina, gaddafistek, aita-semerik gabe, are maldan gorago dute matxinoen kontrako borroka.

Muammar Gaddafirentzat ez bezala, «epaiketa justua» agindu du Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak Saif al Islamentzat, atxiloketaren berri eman bezain laster, baina non eta nork epaituko duen, horren inguruko ika-mika hasi da dagoeneko. Libiako behinbehineko lehen ministro Abderrahim Al-Keebek jakinarazi du «nahiz eta bere irudia erregimen zaharraren sinboloetako bat den nazioarteko legediak jarraituz gerrako preso baten moduan epaituko » dutela, baina Mohamed al Alagui Justizia ministroarentzat Libiak lehentasuna du epaitzeko.

Nazioarteko Zigor Epaitegiko fiskal nagusi Luis Moreno Ocampo Libiako buruzagiekin harremanetan jarri da, «legearen barneko irtenbidea eman ahal izateko auziari». Justizia ministroarekin aritu da, eta jakinarazi dio «Hagarekin elkarlanean aritzeko betebeharra» dutela, bai atxiloketaren prozesuan, baita hura entregatzeko ere. Joan den azaroaren 9an fiskalak aurreratu zuen Al Islamen kasuan Hagako auzitegiak duela azken hitza. Nazioarteko Auzitegiak irekia du Saif al Islam epaitzeko ikerketa, gizateriaren kontrako krimenengatik. Hagako fiskala bera datorren astean Tripolira joango da «epaiketa behar bezala koordinatzeko».

NATOk Hagako auzitegiari eta kontseiluari ados jartzeko eskatu die, «legeak bere bidea egiten duela berma dezaten», Oana Lungescu aliatuen bozeramaileak komunikatu batean jakinarazi duenez. «Libia askean giza eskubideak lehenbailehen bermatzen hastea ezinbestekoa da» NATOrentzat, eta Gaddafiri emandako «tratua» ez errepikatzeko unea dela uste du. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak ere bide beretik jo du, legearen barruan epaitzea «garrantzitsua» dela esanez. Gaddafiren hilketak polemika handia eragin zuen, eta ez zuen leku onean utzi Trantsiziorako Kontseilu Nazionala, ordura arte hark ere giza eskubideak urratzen zituela zioten ahotsak indartu baitzituen bere jarrerarekin.

 Atxilotu osteko irudiak zirela esanez agertu zuten atzo Ahrar Libiako telebistan Saif al Islam. Eskua zapi batez lotua zuen arren, itxura ona zuen, eta atxilotu zutenek baieztatu zuten ez zela indarkeriarik erabiltzeko beharrik izan, ez zuelako erresistentziarik jarri. Leun-leun joan zen dena, gainera, haien arabera. Ahmed Ammar atxiloketan parte hartu zuen miliziano batek eman du gertatutakoaren berri. Ammarren taldeak Gaddafiren aldeko buruzagiren bati buruzko informazioa jaso zuen, eta esandako lekura joan zen, basamortura, Obari herritik 70 bat kilometrora. Bi auto ikusi zituzten, eta horietako batean Saif al Islam zihoan. Tiroak airera botaz makurtu zirela esan du Ammarrek. Ali al Atiri han zen beste matxinoetako batek esan du tiro batez hiltzeko eskatu zuela atxilotzerakoan. Zintanera eraman zuten hegazkinez, eta han izango dute prozesua argitu arte.

«Egun historikoa»

Abuztuan Tripolirekin batera erori zen Gaddafiren erregimena, eta, ondoren, lur jota geratu zen koronelaren hilketarekin. Saif al Islamen atxiloketarekin, berriz, erregimenaren azken erresistentzia amaitu da, eta, horregatik, atzokoa ere «egun historikoa» izan da Libiarentzat, Al-Keeb lehen ministroaren ustez. Gaddafiren ondo-ondoan aritutakoa baita, gerra lehertu aurretik eta ondoren ere. Gaddafik nazioartean onespena izan zuen arte, aitarekin lan egin zuen, eta hainbat erabaki garrantzitsu hartu zituen.

Erregimenaren asmo berritzaileenen irudia zen, atzerriko erakundeekin hainbat akordio erdietsi zituen gizona, eta Libiak zituen auzietan nabarmena izan zen haren lana, besteak beste Lockerbieko kasuan eta programa nuklearra eraisteko orduan. Bizkorraren eta atseginaren fama zuen. Mendebaldea Gaddafiren erregimenaren kontra jarri eta NATOk herrialdeari erasoko ziola mehatxatzen hasi zenean, erregimenaren ahotsa bilakatu zen, aitaren defendatzaile sutsua, eta, harrez geroztik, Libian gehien bilatutako gizona izan zen, aitaren atzetik

Gaddafistak oinordekorik gabe utzi ditu Sail Al Islamen atxiloketak Libiaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren artean ika-mika eragin du atxiloketak, Tripolin edo Hagan epaitzearen inguruan Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak «epaiketa justua» agindu du Al Islamentzat Saif al Islam,2008an hartutako irudi batean, hitzaldi bat ematen,Tripolin. SABRI ELMHEDWI / EFE

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.