Belgikako Poliziak operazioa abiatu du Bruselako Molenbeek auzoan, eta gutxienez bi lagun zaurituta daude. Gainera, bost lagun atxilotu dituztela zabaldu dute tokiko hedabideek, eta Belgikako Justizia Ministerioak baieztatu du Salah Abdeslam dela atxilotuetako bat.
Hankan zauritu dute Abdeslam bera, eta erietxera eraman dute. Hark hobera egitean galdekatuko dute. Hedabide ugariren arabera, hirugarren pertsona bat legoke ezkutatuta. 14:00 inguruan hasi da operazioa, eta zabalik jarraitzen du.
Parisko atentatuen "prestakuntzarekin eta gauzatzearekin lotura zuzena" zuen Abdeslamek, Francois Hollande Frantziako presidentearen arabera. Iluntzean eginiko agerraldi batean, Belgikari eskerrak eman dizkio, eta gogoan izan ditu Parisko erasoen biktimak. Hollandek espero du Abdeslam berehala estraditatzea Frantziara.
Iazko azaroaren 13an Parisen eginiko atentatuez geroztik, haren bila aritu dira Frantziako eta Belgikako poliziak. Asteartean, beste polizia operazio bat egin zuten Bruselan. Pertsona bat hil eta lau polizia zauritu ziren. Zenbait iturrik zabaldu dutenez, Abdeslamen aztarnak topatu zituzten. Fiskalaren arabera, astearteko operaziotik ihes egin zuen Abdeslamek.