Yemenen botere aldaketa gauzatu zen atzo. Abd Rabbu Mansur Hadik presidente kargua hartu zuen parlamentuan egindako ekitaldi batean, bere alderdikideen eta oposizioko talde nagusien aitzinean. Ali Abdullah Saleh orain arteko presidenteak bihar utziko du formalki boterea ondorengoaren esku, ekitaldi batean. Urtebeteko matxinadaren ondoren, Salehek boterea uztea onartu zuen, Golkoko herrialdeek proposatutako akordio baten bidez. «Trantsizio prozesu honek porrot egiten badu, kaosa etor liteke herrialdera», adierazi du Hadik. Hain zuzen, kargua hartu duen egun berean, gutxienez hogei pertsona hil dituzte atentatu batean.
Salehen alderdikidea da Hadi, eta, 1994tik, gobernuko presidenteorde izan da. Hautagai bakarra izan zen iragan astearteko hauteskundeetan, oposizioko talde nagusiekin hala hitzartu ondoren, GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluaren planari jarraikiz. Emaitza ofizialen arabera, botoen %99,8 jaso zituen, eta parte hartzea %65 izan zen. Hegoaldeko independentistek, ordea, emaitza horiek errefusatu zituzten, eta adierazi zuten haiek indartsuen diren eremuetan %80tik goiti ez zirela bozkatzera joan. Esan zutenez, Aden hegoaldeko hiri nagusian, adibidez,%89 izan zen abstentzioa. 1990. urtera arte, Yemen bi estatutan banatuta egon zen: kapitalista iparraldean, eta sozialista hegoaldean.
Lehergailuak kamioi batean
Hadi ere hegoaldekoa da, eta, hain zuzen, han izanen du agintaldiaren erronka nagusietako bat, independentistek ez ezik, muturreko islamistek ere indarra baitute. Al-Qaedak hartu du bere gain Mukalla hirian presidentetzako jauregi baten aurka atzo egindako atentatua. Lehergailuz betetako kamioi bat zartarazi zuten, eta 20-26 lagun artean hil dituzte, agentzien arabera. Al-Qaedak aldarrikatu du Armadako eliteko Guardia Errepublikanoen aurkako eraso bat izan dela, haien «krimenak mendekatzeko». Salehen seme Ahmed da Guardia Errepublikanoen burua.
Salehen presidenteorde zenak Yemengo presidente kargua hartu du
Hegoaldeko Mukalla hirian gutxienez hogei pertsona hil dituzte, atentatuan; Al-Qaedak bere gain hartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu