Salehi immunitatea ematea onartu du Yemengo Legebiltzarrak

Presidente ohia epaitzea ezinezko egiten duen legearen kontrako protestak egin dituzte herritarrek

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Yemengo Legebiltzarrak aho batez onartu du Ali Abdullah Saleh presidente ohiari immunitatea ematen dion legea. Horrez gain, erakunde zibil eta militarretan Salehen kolaboratzaile izandakoak ere ezingo dituzte epaitu lege berriaren arabera, «terrorismo» kasuetan salbu.

Iaz Salehen aurkako protestak piztu ziren, eta herrialdean liskar gogorrak izan zituzten hilabete luzez, 33 urtez presidente izan zena ez baitzegoen dimisioa emateko prest. Liskarretan ehunka lagun hil zituzten. Hain justu, Salehek eta haren familiak kontrolatzen zuten armadari gobernuaren aurkako manifestariak hiltzea egotzi dio oposizioak.

Boterea uzteko, baina, immunitatea bermatzea ezarri zuen Salehek baldintza gisa. Azaroan, hori onartu ostean, akordioa sinatu zuen GCC Golkorako Lankidetza Kontseiluarekin eta oposizioarekin, eta boterea utzi zuen. Itunak zenbait herritar haserretu ditu, presidente ohiak epaileen aurrean erantzun behar duela exijitzen baitute. Atzo ere, Legebiltzarrak Immunitate Legea aho batez onartu eta gero kalera jo zuten askok protesta egiteko.

Horretaz gain, Abdo Rabu Mansur Hadi presidenteordeari otsailean egingo dituzten bozetan aurkezteko baimena eman dio legebiltzarrak. Konstituzioaren arabera, parlamentuaren onespena behar dute hautagaiek bozetan aurkezteko. GCCren planak, hain justu, boterea Hadiren esku geratzea aurreikusten du, hura baita bozetarako hautagai bakarra.

Nazioarteko legediaren aurka

Navi Pillay NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen mandatariak, bestalde, salatu du giza eskubideak urratzea egozten dietenei immunitatea emateak nazioarteko legedia hausten duela.

Batasun nazionaleko gobernuak —Mohamed Salem Basadawa oposizioko kideak zuzentzen du— kritika gogorrak jaso ditu herrialdean Salehen eta haren kolaboratzaileen immunitate legea babesteagatik. Atzo oposizioko kideek ere alde bozkatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.