KATALUNIA

Sanchez: "Ezin diogu Puigdemonti bizkar eman"

Jordi Sanchez ANCko presidente eta Junts per Catalunyako diputatugaiak, hautagaitzaren ekitaldi nagusian parte hartu du espetxetik. Sanchezek nabarmendu du Puigdemontek irabaztea dela prozesu independentistari jarraipena emateko apusturik eraginkorrena.

Junts per Catalunyaren kanpainako ekitaldi nagusia, gaur. TONI ALBIR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko abenduaren 15a
10:39
Entzun

Hiru helburu aukera bakarrean biltzen dituen hautagaitza da Junst per Catalunyarena, Sanchezen esanetan. Ziurtatu duenez, Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen aldeko bozkek gehiengo independentista bermatzeko balioko dute; baita erbesteratu eta espetxeratuen itzulera errazteko eta subiranismoa batzeko ere.

Estremerako espetxetik (Madril), Junts per Catalunyaren zerrendako bigarrenak ohartarazi du Mariano Rajoy Espainiako presidentea dela boz hauetan garaitu beharreko aurkaria. Ines Arrimadas (Ciudadanos), Miquel Iceta (PSC) eta Xavier Garcia Albiol (PP) hautagaiak "155aren txontxongiloak" direla adierazi du. Nabarmendu duenez, "Carles Puigdemonten garaipena da Mariano Rajoyk erosi edo manipulatu ezingo duen bakarra".

Sanchezek ziurtatu du Junts per Catalunyak prozesu subiranista geldiarazteko Espainiako Estatuak bultzatu dituen neurriak desegiteko lan egingo duela. Haren esanetan, Puigdemontek bozak irabaztea da horretarako modurik egokiena. "Ezin diogu Puigdemonti bizkar eman", gaineratu du.

Puigdemontek ere hitza hartu du Junts per Catañunyaren kanpainako ekitaldi nagusian, eta aretoko giroa berotu egin da hura pantailan agertu denean.

Abenduaren 21eko bozen garrantzia nabarmendu du Puigdemontek. "Abenduaren 21ak etorkizuneko belaunaldiak baldintzatuko ditu. Urriaren 1eko bigarren itzulia da, eta urriaren 30aren eta irailaren 27aren berrestea".

Kataluniako presidenteak konfiantza galdegin die herritarrei, eta irabazi egingo dutela ziurtatu die. "Horrela, Rajoy eta 155erako izan dituen kideak garaituko ditugu". Ildo horretan, "estatu mentalitatearekin" bozkatzera deitu ditu herritarrak, alderdi lehien gainetik.

Junts per Catalunyaren garaipena erbesteratuak itzultzeko eta presoak kalera ateratzeko berme gisa aurkeztu du Puigdemontek ere.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.