zentsura mozioa espainian

Sanchez prest dago bozetarako eguna adosteko

Ciudadanosek aurreratu du hauteskundeetara deitzeko eguna adostuta ere ez duela PSOEren mozioa babestuko hautagaia Pedro Sanchez baldin bada. Ciudadanosen esanetan, hautagaiak "instrumentala" izan behar du. Jaurlaritza "leial" izango zaio Madrili, gobernuan "edonor dagoela ere".

Pedro Sancz PSOEko idazkari nagusia eta Adriana Lastra idazkariorde nagusia, gaur, Espainiako Kongresuan PSOEko diputatu eta senatariekin egin duten bileran. BALLESTEROS, EFE
2018ko maiatzaren 29a
07:24
Entzun

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia bere alderdiko diputatu taldearekin bildu da gaur goizean zentsura mozioa aurkezteko erabakiaren arrazoiak azaltzeko. Atzo, PSOEren Batzorde Federalaren babesa jaso zuen, aho batez, eta alderdiko hainbat buruzagik eskatu zioten alderdi independentistekin itunik ez sinatzeko.

Sanchez parlamentuan nahikoa babes lortzeko ahaleginean ari da, eta hainbat talderekin harremanetan jarri da gaur goizean. PSOEko idazkari nagusiak gainontzeko alderdiei eskaini die hauteskundeetara deitzeko eguna adostea. "Zentsura mozioari baiezkoa ematea ez da PSOEri baiezkoa ematea, demokraziari ematea baizik", adierazi du Kongresuan, alderdiko diputatu, senatari eta eurodiputatuen aurrean.

Sanchezek "arduraz" jokatzeko eskatu die Kongresuko 350 ordezkariei. Haren esanetan, mozioaren eztabaidan "erantzun beharreko galdera da ea Mariano Rajoyk gobernuko presidente izaten jarrai dezakeen Gurtel auziko epaia publiko egin ondoren". Epai horrek egiaztatu du PPk B kutxa bat zuela, legez kanpo finantzatzeko.

Sanchezen esanetan, galderaren erantzunak "bai ala ez" izan behar du. "Ez dago tarteko jarrerarik". Zentsura mozioaren kontra bozkatuko luketen alderdiei galdetu die Espainiako demokrazia zein tokitan geldituko den, Rajoyk presidente izaten jarraitzen badu. "Ez dago inolako kalkulu politiko edo elektoralik Rajoyk presidente jarraitzea justifikatzen duenik".

Parlamentuaren banaketa nolakoa den jakitun dela ziurtatu du Sanchezek, eta horregatik "adostasuna" bilatzen saiatuko dela agindu du. Lehenik eta behin, zentsura mozioa onartzeko; ondoren, Espainiari "egonkortasun politikoa" emateko, eta, azkenik, hauteskudeetara deitzeko.

Ciudadanosek ezezkoarekin erantzun dio PSOEren eskaintzari. Juan Carlos Girauta alderdiaren Kongresuko taldeko bozeramaileak adierazi du ez dutela PSOEren mozioa babestuko, nahiz eta hauteskundeetarako data aldez aurretik finkatu, hautagaia Sanchez baldin bada.

Girautak azpimarratu du mozioak proposatzen duen hautagaiak "instrumentala" izan behar duela. Hori da, Ciudadanosen iritziz, mozioaren helburua hauteskundeetara deitzea dela ziurtatzeko modu bakarra. "Irtenbide bakarra hauteskundeetara deitzea da, gure herrialdeak behar duen egonkortasuna eskaintzeko gai izango den gobernu garbi eta sendoa eratzeko".

Ciudadanosen lehen aukera Rajoyk berak hauteskundeetara deitzea da. Hala egingo ez balu, PSOErekin "mozio instrumental bat" negoziatzen saiatuko direla iragarri du. Negoziazio horietan aurrekontuen betetzea eta Katalunian 155. artikulua mantentzea jarriko lituzke baldintza gisa.

Hainbat alderdik baieztatu dute PSOEko burua haiekin jarri dela harremanetan. Hala adierazi dute Podemosek, Comprmisek, ERCk, PDeCATek eta EAJk. Azken horren kasuan, Andoni Ortuzar EBBko buruari deitu zion atzo gauean Sanchezek. EAJk ez du erabaki oraindik zein jarrera hartuko duen mozioaren bozketan. Jeltzaleen iritziz, PSOEk argitu egin behar du "Euskadi eta Kataluniako autogobernua onartzen dituen; eta Euskal Agendarekin eta Euskadiko interesekin bat egiten duen".

EH Bilduk adierazi du "koherentziaz" jokatuko dutela, eta Kataluniako alderdi independentistekin harremanetan daudela, zentsura mozioari begira. Rajoy kentzearen alde azaldu da, baina, aldi berean, azpimarratu du Sanchez "arazoaren parte" dela. Ez du Espainia demokratizatzeko aukerarik ikusten.

EAJk Espainiako aurrekontuak hitzartu ditu PPrekin, eta kontuak jetzaleen aldeko botoekin onartu ziren, joan den astean. Aurrekontuak, baina, ez dira guztiz onartu. Senatuaren onespena behar dute oraindik. PPk gehiengo osoa du Senatuan, eta ez luke onartua izateko arazorik behar, baina mozioaren eztabaidak egoera alda dezake. Senatuak aurrekontuak baztertuz gero, aurrekontu proiektua Kongresura itzuliko litzateke, eta, mozioak Sanchez gobernuburu izendatuko balu, arriskuan egon litezke PPren kontuak eta EAJk harekin hitzartutakoak. Hori dela eta, EAJk "berme instituzional eta ekonomikoak" eskatu dizkio Sanchezi.

Eusko Jaurlaritzak PSOEren zentsura mozioa izan du hizpide gaur, Josu Erkoreka bozeramaileari kazetariek galdetuta. Erkorekak adierazi du Jaurlaritzak "leial" jokatuko duela Espainiako Gobernuarekin, agintean "edonor dagoela ere".

Gurtel auziaren epaiak Espainian eragin duen giro politikoak izan du eraginik arlo ekonomikoan. Izan ere, joan den astean Gurtel auziaren epaia jakinarazi eta PSOEk Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuaren aurkako zentsura mozioa iragarri zuenetik, gora egin du nabarmen Espainiaren arrisku sariak. Ondorioz, bonu jasangarriaren merkaturatzea atzeratu du Eusko Jaurlaritzak.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.