Iowako caucus-etan AEBetako presidentetzarako bidean primarioak hastear direla egin du John Garamendik (Florida, AEBak, 1945) azken bisita Euskal Herrira. Haren arbasoen aberria bisitatzeko baliatu ditu egunak; aitona Lekeitiokoa zuen, eta amona, Ondarroakoa. «Euskal nortasuna AEBetan zein mundu osoan zabaltzen egindako ekarpenagatik» saritu du Sabino Arana fundazioak. Alderdi Demokratako ordezkaria itzal luzeko pertsonaia da AEBetan; kongresista 2009. urtetik, Kaliforniako gobernadoreordea izandakoa da, eta Bill Clintonen eta Barack Obamaren gertukoa da. Horregatik, demokraten primarioetan ez du bere hautua ezkutatzen: Hillary Clintonen defendatzaile sutsua da.
Bill Clintonen gobernuan aritutakoa zara. Sobran al dago galdetzea zein hautagai demokrata babesten duzun?
Hillary, noski. Presidente izateko prestatua dago. Eskarmentu handikoa da: Senatuan ibilitakoa da, Estatu idazkaria izandakoa da, eta atzerri politika ondo ezagutzen du. Presidente trebea izango da.
Bernie Sanders garaitu beharko du primarioetan. Bitxia da haren kasua; bere burua sozialistatzat du. Lehen aldia da hautagai sozialista bat presidentegaia izateko aukerak dituela. Etxe Zuria prest al dago horrelako aldaketa iraultzaile baterako?
Ez dut uste. Ez Alderdi Demokrata, ez herrialdea ez daude prest sozialista batentzako. Alderdi Demokrata aurrerakoia da berez, baina oso argi dugu ekonomiak hazi egin behar duela. Enpresek eta aukerek hazten jarraitu behar dute. Sanders senataria erradikalegia da, nire ustez. Hillary Clinton da, ordea, Alderdi Demokrataren izaera hobekien islatzen duena. Oso irekia da, zentrotik ezkerrera doan sektore osoa hartzen du, eta oso langilea da. Mundu guztiak aukera berberak izan ditzan egiten du lan, lanpostu onak sortzeko, eta segurtasunagatik. Hori da, azken finean, primarioen prozesuaren ondoren Alderdi Demokratak nahi duena. Iowako caucus-ak oso estuak izango dira, baina ez dute AEBetako osotasuna islatzen.
Nola azaldu daiteke Sandersen goraldia? Ezkertiar asko Barack Obamaren politikekin desilusionatu al dira?
Amerikan, Europan gertatu gisa, hainbat kezka azaleratu dira azken boladan, ekonomiari, ingurugiroari eta norbanakoen aukerei buruzkoak. Sandersek lau gai ditu hizpide, eta ondo prestatzen ditu. Baina zein oinarri dute? Zer prestakuntza du? Presidente izateko ez da nahikoa hitzaldi onak ematea.
Azkar hasi da jaisten Hillary Clintonen babesa inkestetan. Zenbait argitalpenen arabera, 2008an baino azkarrago. Eskarmentua, izen ona eta dirua du Clintonek. Zertan egin du huts?
Politikan badaude pertsonaia batzuk badakigunak nor diren eta zer defendatzen duten. Horietako bat da Hillary. Ia 30 urtez egon da begi publikoaren ikusmiran. Baina gero, bat-batean, norbait berria etortzen da: «Kontxo, zein da berri hori, ikus dezagun zer dioen», dio jendeak. Eta horixe da hemen gertatzen ari dena. Berriro diot: Sanders senatariak lau argudio on ditu, besterik ez. Baina ez da presidente bat, hitzaldi on bat besterik ez da. Eta berrikuntza da, eta jendeak zerbait berria nahi du. Baina itxaron. Presidente izateko gaitasuna al du pertsona horrek? Erantzuna ezezkoa da, inolaz ere.
Beste aldean, Donald Trump errepublikanoen inkesten buru dago. Nolatan izan ditzake presidentegaia bilakatzeko aukerak horren muturreko jarrerak dituen hautagai batek?
Donald Trump hondamendia da. Kaltegarria da herrialdearentzako inkesten buruan joatea; AEBen irudi oso oso txarra islatzen du munduan. Hori ez da Amerika. Amerika ez dago fanatismo itsu batez beteta. Amerika ez dago jendearekiko mespretxuz beteta. Errespetagarriak gara, bihotz onekoak. Ez gara zikoitzak, ezta pertsona itxiak ere. Donald Trump halakoa da. Zenbat eta lehenago desagertu AEBetako jokaleku politikotik, orduan eta hobe joango zaio Amerikari.
Neurri batean Trumpek eta Sandersek stablishment-aren aurkako sentimenduak islatzen dituzte. AEBetako erdiko klasea nekatu al da klase politikoarekin desberdintasun ekonomikoen eraginez?
Antsietatea badago gizartean, hori ziurra da. Ez soilik erdiko klasean, baita klase txiroenean ere. Eta arrazoia dute. Krisi ekonomiko sakon batetik ateratzeko lanean ibili gara. Europa osoan bezala. Antsietate horren ondorioz, jendeak mezu bat nahi du. Baina hori lehen urratsa besterik ez da. Mezu hori gauzatu egin behar da ondoren. Eta horretan Hillary Clintonek du gaitasun handiena.
Obamaren agintaldian gizarte mugimendu berriak sortu dira, Black lives matter (Beltzen bizitzek axola dute), esaterako. Frustrazio horren erakusle al dira?
Amerikak beti izan du gizarte multikulturala eta etnikoki askotarikoa. Garai zailak igaro ditugu; esklabotza, gerra zibila... Oraintxe bertan arazo bat aitortzen ari gara. Poliziaren eta afro-amerikar komunitatearen artean arazo bat dago, eta bizkor konpondu behar dugu.
Nola aurkitu duzu Euskal Herria? Asko aldatu al da azken bisitatik?
Hamahiru urtean lautan etorri naiz. 1982an etorri ginen lehen aldiz, eta ez zegoen ezer, ez azpiegiturarik, ez ezer. Orain oso herrialde modernoa ikusi dut. Oso azkar aurrera doan herrialde bat da.
Oso present dituzu zure euskal sustraiak, nahiz eta hispano moduan sailkatu zaituzten askotan.
Askotan sailkatzen gaituzte hispano moduan. Erantzuna erraza da: euskalduna naiz. Aitak eta aitona-amonek gogorarazten zizkidaten nire sustraiak, txiki-txikitatik, eta ia ibiltzen ikasi aurretik, barneratua nuen euskaldunak ginela. Urtero euskal barbakoa politiko bat antolatzen dut.
Jarraitzen al duzu euskal politika AEBetatik?
Bai, azken urteetan bai, zuhurtzia handiz.
Nola ikusten duzu bake prozesua?
Oso pozik nago ETAk indarkeriari uko egin izanagatik, eta euskal herritarren eta gobernu zentralaren arteko auziak era demokratikoan adosteko hautua nagusitzeagatik.
John Garamendi
"Sanders senataria erradikalegia da; Trump, hondamendia"
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=GgRqXxdIOqY[/youtube] Elkarrizketa euskarazko azpidatziekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu