Rick Santorum Pennsylvaniako senatari ohiak garaipen hirukoitza lortu du Minnesotan, Coloradon eta Missourin, eta bigarren postua lortu du Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeetako Alderdi Errepublikanoaren primarioetan. Mitt Romney orain arteko hautagai faboritoak, aldiz, emaitza eskasak lortu ditu hiru estatuetan, eta oraindik ordezkarien gehiengo handia duen arren, Santorum ageri da errepublikanoen sektore kontserbadoreena ordezkatzeko faborito modura, Newt Gingrichi postua kendu-ta.
Garaipen garrantzitsua lortu du Santorumek hiru estatuetan. Coloradoko caucus-etan errepublikanoen botoen %45 lortu ditu, eta 15 ordezkari bereganatu; Minnesotako caucus-etan, berriz, botoen %40rekin irabazi du, eta 13 ordezkari lortu. Missouriko primarioetan, botoen %55 lortuta nagusitu da. Missouriko oraingo bozetan ordezkaririk banatu ez den arren, lortutako garaipena abantaila handia da Santorumentzat, martxoaren 17an berriz ere egingo direlako hauteskundeak bertan, eta 40 ordezkari lortu ahal izango ditu hautagai kontserbadoreak. Garaipen hirukoitzari esker, Santorumek 44 ordezkari bereganatu ditu, Gingrichen 29 ordezkarien eta Ron Paulen 8 ordezkarien aurretik jarrita. Romneyk 91 ordezkari dituen arren, estatu gehien bereganatu duen hautagaia da Santorum.
Romneyk Floridan eta Nevadan irabazitako lehen postua finkatzea espero zuen martxoaren 6ko superasteartea iritsi baino lehen. 2008an Coloradoko errepublikanoen botoen %60 lortu zituen, baina oraingoan soilik %35 lortu ditu, sei ordezkari bereganatuz. Minnesotako emaitzak oraindik kaxkarragoak izan dira errepublikanoen faboritoarentzat, botoen %17 lortu baititu, eta ez du ordezkaririk jaso.
Minnesota eta Colorado estatuetako biztanleen gehiengoa demokrata da, eta Barack Obama AEBetako presidenteari eman zioten botoa 2008ko hauteskundeetan. Hala ere, bi estatuetako errepublikanoak oso kontserbadoreak dira, eta horregatik eman diote babesa Santorumi. Orain arte, Gingrich izan da errepublikanoen sektore kontserbadoreena ordezkatu duena, baina hautagaiak ez du kanpainarik egin bi estatuetan, eta Missourin ez da aurkeztu ere egin. Gingrichi aurrea hartuz, errepublikanoen sektore kontserbadoreenaren eta Tea Partyren ordezkari izendatu du bere burua Santorumek: «Missourin eta Minessotan bizirik dago kontserbadoreen mugimendua. Garaipen hauek AEBetako kontserbadore guztien eta Tea Partyren lorpena dira».
Romneyren kanpaina Obamari aurka egitean oinarritu den arren, Santorumek AEBetako presidentearekin alderatu du errepublikanoen hautagai faboritoa: «Romneyk Obamaren erreforma berdinak egin nahi ditu osasunean, ingurumenean eta Wall Streeten. Horregatik, Romney ez da gure ahotsak ordezkatzeko egokiena. Obama ordezkatzeko hautagai kontserbadorea izan nahi dut»
Santorumek AEBetako presidentearekin alderatu du Romney, errepublikanoen hautagai faboritoa
Homosexualen aurka
Santorumek errepublikanoen sektore katoliko eta ebanjelariak bereganatu ditu kanpainaren hasieratik. Horren froga da Iowan lortutako garaipena. Zazpi seme-alabaren aita da, eta ezkontza homosexualen aurka egin du sutsuki, baita abortuaren aurka ere.
Hain zuzen ere, Kaliforniako auzitegi batek homosexualen arteko ezkontzak debekatzearen aurkako helegitea onartu du. 2008an debekatu zituzten ez-kontzak estatuan, eta Auzitegi Gorenak erabaki beharko du ezkontzak berriz ere legeztatu edo ez.
Santorumen garaipen hirukoitzak errepublikanoen lehia berotu du
Martxoaren 6ko 'superasteartean' argitu daiteke zein den faboritoa AEBetako errepublikanoen lehian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu