Alkohol froga.
Duela lau urtetik akusaziorik eta epaiketarik gabe preso dituzten lau bretoi independentisten eta mugimendu bereko beste 7 lagunen aurkako salaketa gisa «alkoholzaleak» zirela adierazi zuten herenegun Dibisio Nazional Antiterroristako hainbat poliziak (DNAT), askotan tabernetan elkartzen zirelako. Horrez gainera, ARB Bretainiako Armada Iraultzailea ETA, IRA zein FLNCrekin alderatu zuten, berau gutxiesteko: «Korsikarrek kanal historikoa daukate, ARBk kanal barregarria», adierazi zuen Bruno le Borsicauld DNATeko komandante ohiak. ARBren izaera «amateurra» zela nabarmendu zuen.Amateurismoa, ordea, Poliziaren aurka erabil dezakete bretoiek; hori, edo okerragoa dena, Justizia erabiltzea Emgann mugimendu independentista eta oro har bretoi izaerako elkarte kultural zein politikoak kriminalizatzeko. Epaitzen ari diren bretoietako batzuek onartu dute zenbait atentatu saiotan parte hartu izana, baina guztiek ukatzen dute 2000ko apirilean Keverren izandakoarekin zerikusirik izatea. ARBk berak ez du inoiz aldarrikatu erasoa eta bretainiar gehienek uste dute Frantziako segurtasun indarren eskua dagoela horren atzean. Eta ez litzateke lehen aldia izango; izan ere, 1972an Bouygues enpresagizon frantziarra suntsitu zuen erasoa DST kontraespiotza taldeak burutu zuela onartu zuen 20 urte geroago agente izandako batek. Abertzaleen aurkako sarekadak justifikatzea izan zen helburua, agenteak berak aitortu zuenez. 1990eko hamarkadaren hasieratik 1993ra ARBri 40tik gora ekintza egin izana egotzi zion Parisek, baina inor ez zuten akusatu. Poliziaren eraginkortasuna frogatu nahian edo, 1999an 70etik gora bretainiar elkarte, sindikatu eta kultur arloko eragileak atxilotu eta kargurik gabe askatu zituzten. Itaunketetan, ordea, ez zitzaien ia ezer galdetzen ustez egin zituzten erasoei buruz; galdera gehienak erakunde kultural eta politikoen ingurukoak ziren. Nortasun bretoieraren aldeko ekimenak «terrorismoarekin» lotu eta kriminalizazio prozesu tinko bat abiatzeko... berau ezagutu behar. Iazko azaroaren hasieran, Gwengampeko (Gingamp) sei lagun atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Irlandako Real IRA erakunde armatuarekin lotura izatea leporatuta. Guztiak kultur eragileak ziren. Hilaren erdialdean, milaka lagun atera ziren kalera atxilotuei sostengua adieraztera eta Eskualde Kontseiluko lehendakariorde Jean-Yves Cozanek (independentea) nabarmendu zuen Bretainiako kulturak ez duela zerikusirik terrorismoarekin. Parisko epaiketan aurkeztutako froga sendoetako bat Jerome Bouthier objektorea, armak ez zaizkiola gustatzen berretsi du eta bere Sarah hard-core taldearen abestien hitzak dira. Bai, gu barbaroak gara / mundu zahar hau amaierara iristen ari da / gure eginkizuna birrintzea da... Ez ote zuen Keverkoarekin zerikusia munduaren amaiera iragarri zuen Rabanne jostun preziatuak?Nori egin behar zaio alkoholaren proba, akusazioari edo akusatuei? Eta poligrafoarena?