Sarkozy presidente berriak lehenbailehen jarri nahi du abian «haustura politika»

Kargua 16an du hartuko, eta lehen ministroa 17an edo 18an izendatuko, Gobernua 20rako eratzeko

2007ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Frantziako presidente kargurako hautatu duten Nicolas Sarkozy eskuindiarrak azkar jokatu gogo du,bere hautagaitzako leloa izan den «haustura politika» indarrean jartzeko. Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian bozen %53,08 lortuta, Segolene Royal sozialistari gailendu zaio. Hautagai sozialistak botoen %46,96 lortu ditu, inoizko parte-hartze handiena izan duten hauteskundeetan.

Maiatzaren 16an egingo du karguaren zina, azken hamabi urteotan postu horretan jardun duen Jacques Chiraci lekukoa hartuz. Jarraian -maiatzaren 17 edo 18an- , lehen ministroa izendatuko du Sarkozyk. Postu horretarako gehien aipatzen dena François Fillon da. Horrek, Sarkozyrekin batera, Gobernuaren osaketaren berri emango du maiatzaren 19an edo 20an. Estatu idazkariak, aldiz, ekainaren 10ean eta 17an izango diren Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean izendatuko dituzte. Sarkozyk behin eta berriro iragarri du, bere agintaldiko lehen gobernu hau kopuruz mugatua izango dela, eta hamabost bat ministrok osatuko dutela.

Sarkozyren esanetan, Frantziako politikaren eraberritzea bultzatzea helburu izango du Gobernuak. Baina bertan orain arte ministro kargutan egondakoak izango dira gehiengoak, politika adituen ustez.



BILERA GARRANTZITSUAK LEHEN ASTETIK. Karguaren zina egiteko hamar egun geratzen direnean, Nicolas Sarkozy atseden hartzera joan da, Malta uhartera. «Guztiz baliagarria iruditzen zait presidente aukeratu berri batek zenbait egun izan ditzan bere eginbeharren neurriaz jabetzeko, bere karguaren garrantziaz ohartzeko eta, kanpainaren zalapartatik aldenduta, nazioaren arduradun gorena bilakatzeko», adierazi zuen Nicolas Sarkozyk, joan den ostiraleko Le Parisien egunkarian.

Ezen, Sarkozyk zehaztu du zein izango diren bere agintaldiko lehen egunetako lanak, joan den apirilaren 26ko Le Monde egunkarian argitaratu zen elkarrizketa batean. Lehen egunetik bertatik, langile sindikatu eta patronaleko elkargoekin bilduko da, datorren irailean lau mintegitako egitarauak finkatzearren. Bigarren egunean, ingurumenari arreta jarriko dio, honetan esku hartzen duten partaide guztiekin bilduta. Hurrengo egunetan, berriz, Europako Batasuneko agintari gorenekin elkartuko da Bruselan eta Berlinen, Europako arazoari irteera bila jarduteko.

Europa aipatu du, hain zuzen, bere garaipena iragarri eta berehalaxe egin dituen lehen adierazpenen artean. «Europaren eraikuntzan arrunt sinesten dut, eta uste dut egitasmo horretan Frantziak bere lekua hartu nahi duela», adierazi du Sarkozyk. Frantzia ere hizpide izan du lehen agerraldi horretan, eta bere egitasmoak laburbilduta, hauxe adierazi du: «Lana, aginpidetza, zuzenbidea eta errespetua baloratuko ditut berriro. Nazioa eta nazio izaera goretsiko ditut, eta frantziarrei Frantziaz harro izaiteko aukera emango diet».



EKAINEKO BOZETAN GEHIENGOAREN BILA.

Anartean, Sarkozy oraindik buruzagi duen UMP eskuineko alderdiak Legebiltzarrerako bozetan garaipena lortzea, eta gehiengo osoaz jabetzea du lehendabiziko helburu. Datorren ekainaren 10 eta 17an egingo dira Parlamenturako hauteskundeak.

Lehen inkestek boto asmoen %30 ematen dio UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunari, %25 Frantziako Alderdi Sozialistari, %15 François Bayrouren zentroko alderdiari eta %8eskuin muturrari.



Liskarrak lehertu dira Frantzian, Sarkozyren garaipena jakin orduko

Igande gauean 367 ibilgailu erre eta 270 pertsona atxilotu dituzteherrialde osoan
a. s.

«Elkarrekin dena egin dezakegu» zen Nicolas Sarkozyren kanpainako leloa. Alabaina, eskuineko hautagaia Frantziako presidente bihurtzeak sortzen dituen kexak aski nabari geratu dira igandeko bozen emaitzak jakin orduko.

Sarkozyren jarraitzaileak garaipena ospatzen ari zirelarik Concorde plazan-Parisen-, 5.000 eta 2.000 pertsona artean La Bastille plazan elkarretaratu ziren, presidente berriari euren arbuioa erakusteko. Laster, liskarrak piztu ziren protesta egileen eta Polizia indarren artean. Borrokek bi ordu inguru iraun zuten.

Paris inguruko hiri batzuetan ere istiluak izan ziren. Hala nola Seine-et-Marne eta Val-de-Marne departamenduetan. 2005ean, hiri eta auzune baztertuetan gertatutako indarkeria oldearen abiagune izan zen Seine-Saint-Denisen, aldiz, borroka gutxi egon ziren.



KALE PROTESTAK.Sarkozyren garaipena salatzeko, kale protestak egon ziren Frantziako beste hainbat lekutan ere. Hala nola, Bordelen, Bresten, Estrasburgon, Lillen, Lyonen, Tolosan, Marseillan, Metzen, Mulhousen, Nancyn, Naoneden (Nantes) edo Roazhonen (Rennes). Elkarretaratze jendetsuenak, alabaina, Bordelen eta Tolosan egin zituzten.

Orotara liskarretan 367 ibilgailu erre zituzten, eta 270 pertsona atxilotu zituztela zehaztu zuen Poliziaren zuzendaritza nagusiak. Frantzian 10.000 manifestari inguru atera ziren kalera Sarkozyren aurka protestatzera. Liskar horien beldur agintariek segurtasun neurri zorrotzak jarri zituzten asteburuan Parisen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.