Iragarritako olde urdin zabal-zabalik ez da gertatu. Hiruzpalau zifrari begiratzea nahikoa da argi ohartzeko ekainaren 10eko lehen itzulian nagusitu zen joera ez delapentsa zitekeen neurrian gauzatu herenegun egin zen Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen bigarren txandan. Orain dela bost urte egin ziren bozetan, UMPk eta haren aliatuek 359 diputatu lortu zituzten, eta PSk eta hari lotutakoek, 149. Herenegungo bozketaren behin betiko emaitzekin, berriz, Frantziako presidente Nicolas Sarkozyren alderdiak 313 diputatu lortu ditu eta hamar hautetsi gehiagok haren sostengua daukate. Eskuineko guztiak batuta, Sarkozyren aldeko parlamentari gehiengoa 345 diputatutakoa da.
PS Alderdi Sozialistak eta bere aliatuek, berriz, 193 diputatu izango dituzte Frantziako Legebiltzar berrituan, hots, aurrekoan baino 44 gehiago. PCF alderdi komunistak lortutako 15 diputatuak, ezkerreko besteak sailkatutako 15aketa Berdeek izango dituzten laurak gehituta, ezkerreko indarrek 217 legebiltzarkide izango dituzte aurrerantzean, hots, aurreko legealdian baino 44 gehiago.
Nicolas Sarkozyren garaipenari oihartzuna egin behar zion eta alde guztietatik iragarrita zegoen UMPren olde urdinik ez da gertatu, beraz. Eskuineko alderdiagehiengo osoaren --289 diputatu-- gainetik nabarmen egongo bada ere, ezkerreko oposizioak bere boza entzunarazteko aukerarikizango du. Aurkari jokaeran gehituko zaizkie, aldian aldika, François Bayrou zentrista independentea eta harekin batera MoDem Mugimendu Demokrataren izenean hautatuak izandako beste diputatuak.
BERROSATUTAKO GOBERNUA GAURTIK. Legebiltzarrerako hauteskundeen bigarren txandatik landa, Nicolas Sarkozy presidenteak eta haren lehen ministro François Fillonek berrosatu asmo zuten iragan maiatzaren 18an eratutako gobernua. Alabaina, beraiek espero eta iragarrita zaukaten baino nabarmen sakonago aldatu beharko dute gobernu hori.
Ezen, ministroen agindupeko Estatu idazkari gehiago izendatzeaz gain, Gobernuko bigarrena zen Alain Jupperen beraren ordezkoa ere topatu beharko da. Bordeleko alkateak Ekologia, Garapen eta Antolaketa Iraunkorra ministro kargutik dimititu zuen igande arratsean bertan. Izan ere, Gironde departamenduko 2. hauteskunde barrutian porrot egin zuen (bozen %49,07), Michele Delaunay PSko hautagaiaren onurarako (bozen %50,93).
Lehen ministro izandakoaren porrotak Fillonen gobernuaren egituraketa eta oreka bera kolokan jartzen du, eta Sarkozyrentzat galera nabaria da. Juppe ordezkatu beharrak buruhauste ugari deragitza, eta orain dela hilabete finkatutako ministerioen arteko banaketa berria bera ere berraztertu beharko du beharbada. Arazo hori nola konpondu den agertuko du, dena den, gaur iragarriko duten gobernu berriaren eraketak.
Sarkozyk uste baino alde txikiagoarekin irabazi du, eta arazoak izango ditu
Bordelen porrot egin eta kargua utzi behar izan du Alain Juppek, Gobernuko bigarrenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu