frantzia

Sarkozyren hitzordua telebistetan

Frantziako gobernuburuari bihar egingo dioten elkarrizketa sei katetan aldi berean emango dute. Neurri ekonomikoez ariko da, eta ikusi egin beharko da UMPko presidentegaia bera izango den argitzen duen.

2012ko urtarrilaren 28a
16:37
Entzun

Itxuraz behintzat, hitzordu garrantzitsua du bihar Nicolas Sarkozy (UMP) Frantziako presidenteak: telebistan elkarrizketa egingo diote, eta sei katetan ikusi ahal izango da aldi berean (20:10). Presidentzia hauteskundeetarako hiru hilabete baizik ez dira falta eta, François Hollande PSko hautagaia abiada hartua den arren, Sarkozyk arazo ekonomikoekin kateatuta segitzen du. Gainera, UMPko hautagai bera izango den oraindik argitu gabe segitzen du.

Neurri ekonomikoei buruz ariko da bihar telebistan. Kasu, BEZ igoko duen hizpide da Frantziako Errepublikan. Baiezkoan daude hainbat hedabide, bi puntutan igoko duela, enpresak lehiakorrago bihurtzeko asmoz.

Jean François Cope UMPko idazkari nagusiak esan du espero duela Sarkozyk bihar PSren programari erantzutea, eta, bestetik, jakinarazi du bere alderdiak Frantziako egungo gobernuburuaren alde egiten duela bozetarako: "Tropak Sarkozyren inguruan daude prestatuta eta mobilizatuta". Ikusi egin behar hark hautagaitzaz zerbait esaten duen bihar.

Didier Mathus PSko diputatuak telebista kateek bihar egingo duten elkarrizketa kritikatu du. "Aurrekaririk gabeko konfiskazioa da; jarraipen handieneko orduan emango dute, eta hauteskunde kanpainaren atarian".

Michel Boyon Frantziako Ikusentzuneko Kontseilu Nagusiko presidenteak uste du jendeak "zehatz-mehatz" aztertuko dituela Sarkozyren hitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.