Zachary Lockman (Ekialde Hurbilean aditua)

"Saudi Arabia bera uste dugun baino ahulagoa da"

Libiako egoera Tunisiakoa eta Egiptokoa baino zailagoa dela uste du Lockmanek. Nazioarteari eskatu dio errefuxiatuei laguntzeko, baina ez du uste AEBek Gaddafiren erregimenari eraso egingo diotenik.

2011ko martxoaren 2a
16:15
Entzun

Etorkizuna baino iragana ikertzera ohituagoa dago Zachary Lockman katedraduna. Horregatik, akaso, ez zaio gustatzen iragarpenik egitea. New Yorkeko Unibertsitatean Ekialde Hurbila eta Islamiar Ikasketak eta Historia irakasten ditu, eta urteak daramatza Ekialde Hurbileko aro modernoa alderdi sozioekonomikotik, kulturatik eta politikatik aztertzen. Zer gertatuko da Libian? Oso modu desberdinetara joan litezke gauzak, baina badirudi Gaddafi bakarturik geratuko dela. Tripoli eta inguruetan indartsu dago, baina berriro herrialde guztiaren kontrola izatea ezinezkoa izango duela uste dut. Baina horren ondoren zer? Egipton ez bezala, ez dauzka instituzio eta erakunde asko, eta horregatik zailagoa da behin-behineko gobernu bat sortzea trantsizioa egiteko. Egipton oso garrantzitsua izan zen Armadak hartu zuen jarrera. Libiaren kasuan ere hala al da? Oso desberdina da. Egiptoko armada profesionala da, eta erregimenik aldentzeko aukera izan du. Eta bai Tunisian baita Egipton ere armadek argi esan dute ez dituztela herritarrak kalean tirokatuko. Libiak ez dauka hain armada handia, eta miliziak ere badaude; azken horiek Gaddafik eta familiak kontrolpean dituztela dirudi. Nolakoa da Libiako gizartea? Petrolioa eta gasa duen lurralde handia da. Populazio txikia eta oso gaztea da. Beraiek sortu duten Jamahirija estatu modu berri horrek ez ditu asebete, benetan diktadura bat delako. Egipto ere diktadura bat izan da, baina oposizioa, espazio politikoa, egunkariak izan dituzte. Tunisian ere antzera. Baina Libiaren kasua oso desberdina da, eta oso zaila izango du oposizioak indarrak batu eta gobernu desberdin bat egitea. Nazioarteak egin dezakeen presioa garrantzitsua izan liteke? Bai. Trantsiziorako, Egipto edo Tunisiarentzako izan dena baino garrantzitsuagoa da nazioartearen babesa eta laguntza. Biolentzia ere askoz handiagoa da, jende asko hil da eta azpiegitura asko suntsituak izan dira. Tunisiako mugan dauden errefuxiatuen egoera arazo bilaka liteke? Horregatik behar dute babesa. Europako Batasuna eta AEBk gehiago daude energia baliabideei begira, baina bestelako laguntza bidali behar da hara. Nolako jarrera izan dute AEBek orain arte Libiarekin? Azkeneko sei urteetan bai AEBek eta bai EBk harreman onak izan dituzte Gaddafirekin, petrolio kontratuak tarteko. Baina orain zer? Marine-ak bertara bidaltzea ez litzateke ideia ona izango. Obamaren administrazioa bere erantzuna noraino joan daitekeen aztertzen ari da. Orduan ez dute Armada bidaliko? Ez dut uste. Agian itsasontziren batzuk prest daude laguntza emateko… Egia da eskuhartzea ere ez litzatekeela hain arraroa izango, baina NBEk aginduz gero, Errusia eta Txinari ez litzaieke asko gustatuko, Serbian bezalaxe. Zergatik gertatzen ari dira iraultzak inguru horretan? Arrazoi sozioekonomikoei begiratu ez gero, populazio gazte eta langabea aurkitzen dugu. Unibertsitatea bukatu eta ez daukate lanik, ezta etxebizitza bat izateko aukerarik ere. Estatuak zenbait tokitan zerbitzuak emateko gai ez dira. Gero janariaren prezio igoera dago eta soldaten jaitsiera. Herritar askok eta askok atzerrira alde egin behar izan dute. Faktore horiek guztiak gazte jendearen frustrazioa ekarri dute. Gainera, agintari gehienak adinekoak dira eta ez dituzte gazteak ulertu. Eta, azkenik, komunikazioaren mundua dago: azkeneko hamarkadan informazioaren gaineko kontrola galdu dute. Gaur egun, jendeak argudioak, ideiak eta eztabaidak eskura izan ditu. Eta, nola ez, Facebook eta Twitter bezalakoa tresnak ere garrantzizko bilakatu dira. Ekintza horiek guztiek masa kritiko bat sortu dute, eta elkarren iraultzen berri izan dute. Belaunaldi berri horiek Al Kaedaren pentsatzeko moduan interesa badutela iruditzen zaizu? Ez dut uste. Al Kaedarentzat ere haustura handia izan da: mezua da jendea ez dagoela haiekin interesatua eta beste askatasun mota batzuk nahi dituela. Jendeak ez ditu nahi sektarismoa eta Iraken gertatutako sarraskiak. Belaunaldi gazteek hauxe esan dute: aukera berriak ireki behar dira, ikuspegi berriei tokia egin eta erregimen itxiak alde batera utzi. Munduko ekonomiaren harira, zer esan nahi dute aldaketek? Inguruaren antolaketa sozioekonomikoaren parte bat AEBen kontrolpean egon da, eta horrela energiaren prezioak baxu mantendu dira. Saudi Arabiako erregimena AEBen babespean egon da, eta trukean petrolio merkea eman dute. Bide berrian sartutako herrialdeek orain arteko politikekin hautsi dezakete. Mubarakek AEBekin izandako harreman onak ere sortu zizkion etxean arazoak, egiptoar askok ez baitute israeldarrei Gaza dela eta emandako babesa babestu. Eta noski, gobernu berri batek erabaki dezake halako laguntzarik gehiago ez eskaintzea edo Washingtonek nahi duena ez egitea. Horrek guztiak eragin zuzena izan dezake erregaien prezioan. Zein herrialde izan liteke hurrena? Saudi Arabia oso herrialde interesgarria da. Kanpotik begiratuta familia eta erlijio bizitza lasaiaren itxura hartzen bazaio ere, milaka profesional erreforma politiko eske ari dira; baliabideen erabilpen hobe bat, hauteskundeak eta monarkia konstituzionala eskatzen. Beraz, ikusi egin beharko da zer gertatzen den, baina jende asko dago bizitza hobe bat lortu nahian. Populazio gazte handia duen herrialde bat da, eta belaunaldi hori ez dago batere gustura. Saudi Arabia bera ere uste dugun baino ahulagoa dela iruditzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.