Ekialde Hurbila

Saudi Arabiak huthiek hartutako eremuak bonbardatu ditu Yemenen

Yemengo presidentearen eskaera onartu, eta inguruko herrialdeek esku hartzea abiarazi dute matxinoen aurka.

Matxino huthiak, bonbardaketa izan den auzoetako batean, Sanan. YAHYA ARHAB / EFE
Arnaitz Lasarte-Mikel Rodriguez
2015eko martxoaren 26a
09:06
Entzun

"Erabaki dugu Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen eskaerari erantzutea". Matxino huthiek azken egunetan egin duten aurrerabidea ikusita, astelehenean, Pertsiar golkoko monarkiei gatazkan esku hartzeko eskatu zien Hadik. Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek, Kuwaitek, Qatarrek eta Bahrainek Hadiren eskaera onartu dute, eta esku hartzea hasi dute Yemengo hainbat hiritan.

Berri agentzien arabera, huthiek hartutako hainbat eremu ari da bonbardatzen Saudi Arabia. Sana hiriburuan, esaterako, auzo batean baino gehiagotan esku hartu dute, eta gutxienez hamahiru zibil hil dira bonbardaketa batean.

AEBek jakinarazi dute ez dutela "zuzenean" parte hartuko esku hartzean, baina babes logistikoa emango dutela matxino huthien aurkako operazioan. Egiptok ere iragarri du babes militarra eskainiko duela.

Matxino huthiek aurrerabide nabarmena egin dute azken egunetan Yemenen.  Aden hiria bonbardatu zuten atzo, eta posizioak hartu zituzten 50 kilometrora. Han du jauregia presidenteak. Hainbat base militar eta aireportu ere huthien esku daude, iturri batzuen arabera.

Urte batzuk badira Yemengo Gobernuak ez duela herrialde osoa erabat kontrolatzen. 2011n Ali Abdullah Saleh presidentearen aurkako matxinada gertatu zenetik urtez urte estatuko egiturak gero eta gehiago ahuldu dira, eta, joan den urte bukaeratik, desegiteko bidean dago Yemengo batasuna. Huthiek Sana hiriburua eta herrialdearen mendebaldeko zati gehiena daukate kontrolpean, aginte alternatibo bat ezarri dute, eta Hadiren gobernua inoiz baino zokoratuago utzi dute. Hadik joan den urtarrilean ihes egin zuen Sanatik, huthiek etxeko atxiloaldia ezarrita ziotela, eta Adenen ezarri zuen gobernua. Matxino xiitek aste bakarrean egin dute Sanatik Adenerako bidea. Yasin Atzerri ministroak ukatu egin du Hadik Adendik edo Yemendik ihes egin duenik; erran du presidentea «toki seguruago batean» dagoela «egoera jarraitzen», eta uste du «zurrumurruek» helburutzat dutela «herria adoregabetzea». Huthiek Sanan eratutako Defentsa Ministerioak 85.000 euroko saria eskaini du Hadi harrapatzen duenarentzat, edo hura harrapatzeko informazioa eman dezakeen edonorentzat.

Huthiek irailean hartu zuten Sana, gobernuaren aurkako protesta jendetsu batzuen testuinguruan. Ordutik, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta herrialde batzuen bitartekaritzarekin batasun nazionaleko gobernu bat eratzeko elkarrizketak egin dituzte, baina huts egin dute saialdi guztiek. Huthien ustez, Hadik agintzeko zilegitasuna galdu du. «Munduko herrialde guztiek babesten dute Hadiren zilegitasuna, Iranek izan ezik», adierazi du Yasin Atzerri ministroak. 

Al-Qaedaren mehatxua

Yemenek jada pairatu ditu atzerriko esku hartzeak. Saudi Arabiak 2009an bonbardaketak egin zituen huthien aurka mugatik hurbil, eta AEBak joan den hamarkadatik ari dira aire erasoak egiten Al-Qaedaren aurka. Hain zuzen, muturreko talde islamista sunitak huthien eta armadaren aurka batera ari dira borrokan. Horregatik, huthien aurkako esku hartze bat gertatuko balitz, zalantza handiak daude talde horiek ez ote duten gehiago hazteko egoera apropos bat topatuko, Sirian eta Iraken bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.