Schengen eremua ekialdera hedatuko da oso-osorik gaur

Europa ekialdeko bederatzi herrialdek aireportuetako kontrolak kenduko dituzte, joan-etorria askea izateko

2008ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Europako 24 estatuetako herritarren arteko mugimendu askea finkatuko da gaur, Schengen eremuaren izaera osotasunean ekialdeko bederatzi herrialdetara hedatu ondoren. Abenduan lur eta itsas kontrolak bertan behera utzi ostean, bederatzi herrialde horiek beren artean eta Schengen eremuko beste estatuekin, aireportuetako muga kontrolak kenduko dituzte gaurtik. Estoniak, Txekiar Errepublikak, Lituaniak, Hungariak, Esloveniak, Letoniak, Maltak, Poloniak eta Eslovakiak erabat baimenduko dute joan-etorri askea, abenduaren 21ean jadanik Schengen eremuko kide aitortu eta gero.

Jacques Barrot Europako Batzordeko presidenteordearen hitzetan, aireportuetako muga kontrolen amaiera azken neurria damugarri historikoa egin ahal izateko: Europako 24 estatu barne mugarik gabe izatea. «Schengen eremuaren hedapenak EBren barnean eta hara bidaia legezkoak errazteko EBren nahia islatzen du, eta Europaren kanpo mugen segurtasuna hobetzen». Bederatzi estatuak zoriondu ditu Bruselak segurtasun sistemak garatu, eta aireportuetan Schengen terminal bereziak egokitzeagatik.

Azaroan onartu zuten Europako ministroek herritarren mugimendu askea errepublika sozialista ohietara eta Maltara zabaltzea, baldintzak betetzen zituztela frogatu ondoren. Hegaldien ordu aldaketarekin batera gauzatu dute hedapena, Schengeneko beste aireportuen egokitzapena errazteko.

Eremuan barrena, betebehar berezirik gabe bidaiatu ahalko da aireportu batetik bestera. Ilarak murriztu eta hegazkinetako prozedurak arinduko ditu EBko herritarrentzat, Bruselak jakinarazi duenez. Baina konpainiek ohiko segurtasun kontrolei eutsiko diete. Luxenburgoko Schengen herrian 1985ean errotu zen pertsonen mugimendu askea segurtasunarekin uztartzea da, halaber, Europako estatuen erronka. Horretarako, «konpentsazio neurriak» hartu zituzten hasieratik: Polizien eta auzitegien arteko elkarlana hobetu nahi zuten, delinkuentzia antolatuari aurre egiteko.



ASKATASUNA ETA SEGURTASUNA. SIS Schengen Informazio Sistema sortu zuten 1995ean,eremu barruko muga kontrolak desagertzearekin batera, hau da, pertsonei eta objektuei buruzko datu basea. Bigarren belaunaldiko SIS II informazio gailua egokitzen ari dira une honetan. Schengen kanpoko pertsonak eremuan zehar hiru hilabetetan ibil daitezke eskubide berekin, behar diren agiriak izanez gero eta SIS datu baseari jarraiki, segurtasunerako mehatxu ez badira.

Eremuan Europako 24 estatuetako 404 milioi herritar daude. EBko kide guztiak daude, Irlanda eta Erresuma Batua izan ezik-baztertu egin dute oraingoz murgiltzea SIS datu basea osatzean parte hartzen badute ere-, EBko estatu guztiak daude Schengenen. Norvegia eta Islandia ere bai 1996tik. Amsterdamgo Itunean, Schengeneko akordioa EBren barruan sartu zen 1999an, eta Bruselak bi estatuokin akordioa izenpetu zuen. Suitza eta Zipre pertsonen mugimendu askean murgiltzeko bidean dira, eta Liechensteinekin negoziazioetan dago Brusela. Horiez gain, Bulgaria eta Errumania epe ertainean barnean izan daitezke, muga pasabideak kentzeko segurtasuna bermatzen dutenean.

Bestalde, Errusiarako eta Asiarako mugan horma altxatzen ari da Brusela Europako Gotorlekua sortu nahian. Polonian 10.000 funtzionariok zaintzen dute 1.176 kilometroko muga, paperik gabeko immigrazioaren sarbide nagusia jotzen baitute. EBren ustez, «funtsezkoa da kanpo mugetako kontrolak behar bezain zorrotzak izatea, legez kanpoko immigrazioari, droga trafikoari eta kontrabandoari, besteak beste, ateak ixteko». Urteotan barne mugak eraitsi ahala, kanpo mugak indartu ditu Europak. Atzerriko bidaiariekin erregistro informatizatua eratzea eztabaidatzen ari da, hatz markena barne, Amerikako Estatu Batuen segurtasun ereduari jarraiki.



ATLANTIKOKO HEGALDIEN ZERU IREKIA. Bruselaren eta Washingtonen arteko zeru irekia akordioa gaur sartuko da indarrean, eta EBko hegazkinek mugarik gabe hegan egin ahalko dute lehen aldiz Europa osotik AEBetako edozein tokitara. Jacques Barrotek dio akordioak aro berri bat hasiko dela Atlantikoko hegaldientzat, lehiakortasuna gehiago zabalduko du, eta AEB helburu duten hegaldiak merketu egingo dira. Bidaiariei 12.000 miloi euroko abantaila ekarriko die datozen bost urteetan, eta 80.000 lanpostu berri sortuko ditu Atlantikoko bi aldeetan. Maiatzean negoziazio aldi berria abiatuko du Bruselak: «Gure helburuak izan behar du gerora ere AEB en eta EBren artean aire espazio irekia sortzea».



Errusiarekin akordio estrategikoa lortu nahi dute EBko herrialdeek

Europako Batasuneko 27 estatuek Errusiarekin harreman hobea lortu nahi dute, Dmitri Medvedev presidentearen agintaldian Vladimir Putinen aroarekin alderatuz. Atzerri Ministroek adostu dute apirilean Kremlinari proposamen bateratua egitea. Ekainean EBk eta Errusiak Siberian egin behar duten bilkuran akordio estrategikoa lortzea dute helburu, energian, salerosketan eta giza eskubideen alorrean, besteak beste. Errusiaren bizilagunen nahiak aseko dituen akordioa lortzeko baikor ageri dira agintariak.

Eslovenian eginiko bilkuran, Serbiako Atzerri ministro Vuk Jeremicekin elkartu ziren atzo EBko agintariak, estatu gehienek Kosovoren independentzia aitortu zutenetik lehen aldiz. Jeremicek Serbiako bozen aurretik bi aldeak akordiorako oinarri batera heltzea eskatu zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.