Schengen mugatua

EBko herrialdeek ez dute onartu mugak ixteko eskumena estatuek Europako Batzordearen esku uzteaErrumaniak eta Bulgariak itunean sartzeko egindako eskaera ez dute onartu

mikel rodriguez
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuneko herrialdeak sakon kolpatzen ari dituen krisialdi ekonomikoak agerian utzi du erakundearen oinarri filosofikoa bera, batasunarena, krisian dagoela. Baina ekonomia ez ezik, Schengengo Ituna ere horren adierazle bihurtu da. EBko herrialdeen Barne ministroak Bruselan elkartu ziren atzo, itunaren erreformari buruz irailean bukatu gabe utzi zuten eztabaidarekin jarraitzeko. Mahai gainean bi gai nagusi zituzten; alde batetik, mugak ixteko erabakia hartzeko aukerak estatuen eskujarraitzearen alde agertu ziren sinatzaileak, eskumen hori Europako Batzordeari ematea errefusatuz. Beraz, muga askeak bai, baina mugatuta. Bertzalde, Bulgariak eta Errumaniak Schengenen sartzeko egindako eskaera bere horretan utzi zuten EBko gainerako kideek, Herbehereek irmo eutsi baitiote ezezkoari. EBko kide ez den Liechtenstein estatu txikiari, ordea, ez diote inolako trabarik paratu itunari atxikitzeko.

Schengengo Ituna EBko bortz estatuk sortu zuten 1985ean barneko mugak ezabatzeko asmoz, pertsonen zirkulazio librea ahalbidetzeko eta merkataritza askeari trabak kentzeko. Gaur egun 26 estatu dira haren parte —EBko 22, eta kide ez diren bertze lau—. Azken hedapen prozesu handia 2004an hasi zuen Schengenek, eta 2008an bete, bertze hamar estaturen atxikimenduarekin. Aurten, ordea, hainbat herrialderen erabaki eta asmoek ituna uzkurtu dute, batasunaren irudikapen nabarmenenetakoa izan dena zalantzan paratuz.

«EBko kide diren estatuak dira haien segurtasunaren arduradun», adierazi du Jacek Cichocki Poloniako Barne ministroak—haren herrialdeari dagokio EBko aldizkako presidentetza—. Schengengo Ituna sinatu duten herrialde gehienen jarrera laburbildu du esaldi horrekin. Batasunaren aldeko mezuak igorri arren, pisu handiko eskumenak Europako Batzordearen, hots, Bruselaren esku uzterako orduan, estatu gehienek gibelera egiten dute.

Eztabaida hori puri-purian egon da aurten, hainbat herrialderen jarrerarengatik. Iragan uztailean, adibidez, Danimarkako Parlamentuak aduanak berrezartzea onartu zuen. Kopenhagek bere kabuz hartutako erabakia izan zen, Schengengo kideekin hitzartu gabe. Krimen antolatuaren aurkako neurria zela argudiatu zuen. Erabakiak hautsak harrotu zituen hasieran —Alemaniako Atzerri ministro Guido Westerwellek Schengengo arauak ez errespetatzea egotzi zion Danimarkari—, baina azkenean guztiek onartu zuten Kopenhageren jarrera.

Frantziaren eta Italiaren auzia

Horretan eragin handia izan zuen Frantziaren jarrerak. Izan ere, apirilean gatazka diplomatikoa izan zuen Italiarekin, Tunisiako egoera gatazkatsutik ihesi Europara joandako etorkinen harira. Urtarrila eta apirila bitartean Tunisiatik Italiara ailegatutako 11.000 etorkin ingururi behin-behineko egoitza baimena eman zien gobernuak, eta, horrela, Schengen eremuan aske mugitzeko baimena lortu zuten. Gehienen xedea Frantziara joatea zen, eta Paris ez zen etorkin horiek hartzeko prest agertu. Tentsioak goia jo zuen apirilaren 17an, Parisek zazpi orduz eten baitzuen Italiako Ventimiglia hiriaren eta Frantziako Menton hiriaren arteko tren zerbitzua. Zirkulazio librea oztopatu zuen, baina Alemaniak, Herbehereek, eta Belgikak Frantzia babestu zuten, Italiak itunaren sinatzaileen «fede onarekin» jokatu zuela argudiatuz. Teorian desagertuta zeuden mugak, erabat kendu ez direla erakutsi dute aurten Danimarkak eta Frantziak.

«Krimena eta ustelkeria»

EBko kide izateak, berriz, ez die Schengenen parte izatea bermatu Errumaniari eta Bulgariari, oraingoz. Cichoki Poloniako Barne ministroak azaldu du bilkuran ez dela adostasunik izan. Iragan ortziralean EBko estatuburu eta gobernuburuek oroitarazi zuten bi herrialdeek Schengenen egoteko baldintzak betetzen dituztela, baina Herbehereek ez dituzte itunean nahi. «Gure jarrera irmoa da», adierazi du Gerd Lees Atzerri ministroak. «Antolatutako krimenaren eta ustelkeriaren aurkako borrokan, eta legean oinarritutako motibo serioak ditugu. Europako Batzordearen txostenean froga sendoak ikusi nahi ditugu. Ez gara Bulgariaren eta Errumaniaren etsaiak, Europaren lagunak gara. Ehuneko ehunean ziur egon nahi dugu krimena eta ustelkeria ez direla gure barne merkatuan sartuko». Irailean Finlandia ere Herbehereekin lerratu zen, baina azaroan gibelera egin zuen.

EBko 27 herrialdeetatik bortz ez dira Schengenen kide. Errumaniarekin eta Bulgariarekin batera, Zipre ere erantzunaren esperoan dago. Irlanda eta Erresuma Batua, berriz, batu litezke nahi izanez gero, baina ez dute hartarako asmorik agertu. Hain zuzen, Erresuma Batuko Atzerri ministro William Hague harro agertu zen atzo bere herrialdea euroan eta Schengengo Itunean ez dagoelako. «Nazio bakoitzak ez du zertan denean parte hartu behar». Liechtenstein, berriz, EBko kide ez den Schengengo laugarren herrialdea bihurtu da, Norvegiaren, Islandiaren eta Suitzaren ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.