Schengengo Hitzarmena aldatzeko negoziazioak hasi ditu EBk

Europako herrialdeen arteko zirkulazio librea babesten du itunak; Frantziak eta Italiak aldatu egin nahi dute

Erredakzioa
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Europako Batasuna hasi da Schengengo Hitzarmena aldatzeko negoziazioekin. Europako Batzordeak irailean kaleratuko du gaiari buruzko proposamen zehatza, baina Europako Barne ministroen iritzia jakin nahi izan dute lehenik.

Schengengo Hitzarmena 1985eko ekainaren 14an sinatu zuten. Europako herrialdeen arteko aduanak ezabatzea zen helburua, jendearen eta ondasunen zirkulazio librea bermatzeko. Europako Batasuneko 22 herrialde, Norvegia, Islandia eta Liechtenstein biltzen ditu hitzarmenak.

Italiak eta Frantziak egin dute hitzarmena eraldatzeko eskaera. Salbuespenezko egoeretan barne mugak ezartzeko askatasuna izatea eskatzen dute, immigranteak masiboki etortzen hasten direnean, esaterako. Izan ere, azken hilabeteetan Afrika iparraldeko egoera dela eta, asko hazi da herrialde horietara joaten den immigrante kopurua.

Espainia, Polonia eta beste hainbat herrialde hitzarmena aldatzearen aurka agertu dira. Izan ere, lehendik ere Schengenek onartzen ditu zirkulazio librearen behin-behineko hausturak, kasu berezietan. Frantziak eta Danimarkak, esaterako, erabili dute aukera hori. Apirilean, hitzarmenak kasu berezietan ematen duen askatasuna baliatuz, Frantziak bertan behera utzi zuen Italiako Mentone hiria eta Frantzia lotzen zituen tren zerbitzua, immigranteen sarrera galarazteko.

Danimarkako kasua

Danimarkan, joan den uztailaren 5az geroztik, Alemania eta Suediarekin dituzten mugak kontrolatzen dituzte 50 agente inguruk. «Kriminalitatea» erabili zuten arrazoi gisa. Danimarkaren arabera, azken urteetan kriminalitate maila asko igo da, eta horregatik erabaki zuten mugak gainbegiratzea, immigrante kopurua kontrolatzeko. Europako Batzordearen arabera, ordea, Danimarkak ez du kontrolen beharra behar bezala justifikatu. Lehengo astean aditu talde bat bidali zuten egoeraren larritasuna aztertzeko, baina ez dute ezer argitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.