Definizioz, “modu publiko eta iskanbilatsuan altxatzen” direnek egiten dute delitu hori, “indarrez edo legez kanpoko bideetatik” eragozteko Espainiako legeak indarrean sar daitezela edota “edozein autoritate, erakunde ofizial edo funtzionario publikori bere funtzioak edo akordioak bete” ditzala, hala nola, ebazpen administratibo eta judizialak.
Zigorrak. Halako ekintzaren bat “bultzatu, sustatu edo gidatzen” dutenei, edo “egile nagusi” gisa ageri direnei, 4 eta 8 urte arteko espetxe zigorra eta erabateko inhabilitazioa jar dakieke. Aginte figuraren bat izanez gero, 10 eta 15 urte artekoa. Kasu horietatik kanpo sedizioan parte hartzen dutenentzat, 4 eta 8 urte artekoa da zigorra. Errebeldiazko ekintza ez badute “buruzagi ezagunek” antolatu, haien ordez “ahotsa eramaten” dutenei, idazkiak sinatzen dituztenei edota bestelako ordezkaritza karguak dituztenei lepora dakieke sedizioaren egilea izatea. Hain zuzen ere, Fiskaltzak delitua ikertzeko eskatu zuenean, ez zuen inor egile zehatz gisa aipatu, baina aginduan etengabe nabarmentzen zuen Cuixart eta Sanchezen jarduna.
Sediziorako “probokazio, konspirazio eta proposamena” ere delitu izan daiteke, eta, hura gauzatuko balitz, lehen puntuko zigor berberak ipini diezazkiekete sustatzaileei.
Indarkeriaren erabilera. Prozeduran, errebolta delituaren elementu batzuk ere aplikatzen zaizkio sedizioari: behin antzemanda, gobernuak “berehala” eskatuko die “matxinatuei” disolbatu eta erretiratzeko. “Ez badute jarrera berehala uzten, autoritateak indarra erabiliko du haiek sakabanatzeko”.
Zigor luzeenak. Matxinadari “aurre egin” ez dioten agintariek 12 eta 20 urte arteko inhabilitazio zigorrak jasoko ditzutela dio legeak. “Matxinatuen agindupean” lanean jarraitzen duten funtzionarioek edo hura gertatu aurretik lana uzten dutenek “inhabilitazio zigor berezia” jaso dezakete, 6 eta 12 urte arteko inhabilitazio publikoarekin. “Matxinoen eskutik enplegua onartzen dutenak erabat inhabilitatuko dira 6 eta 12 urte arterako”.