KIRGIZISTAN

Segurtasun indarrek gutxienez 20 preso hil dituzte

Agintariak herrialdeko espetxeetan normalitatea ezarri nahian dabiltza

Erredakzioa
2005eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Gutxienez 20 preso hil zituzten atzo segurtasun indarrek Kirgizistango hainbat espetxetan gertatzen ari ziren matxinadak amairazi nahian. «Hogei preso baino gehiago hil dira gaur goizean segurtasun indarren operazio berezi baten ostean», azaldu zuen espetxe bateko administrazioko langile batek. Langileak ez zuen izenik eman nahi izan. «Espetxeetako egoera zaila da une honetan», gaineratu zuen. Agintariek, baina, hildakoak gutxiago izan zirela zioten.

Istiluak asteartean hasi eta pixkanaka zabaldu ziren herrialde osoko espetxeetara. Polizia, astearte goizean, Moldovanovkako espetxera (Bishkek hiriburutik gertu) joan zen 28 preso lekuz aldatzeko asmoz. Pasa den hilabetean Tinichbek Akmatbaiev diputatu kirgizistandarra hil zuten Moldovanovkan. Akmatbaiev Parlamentuko segurtasun kontseiluko presidentea zen eta espetxeko presoen matxinada gelditzeko bitartekari lanak egitera joan zen beste bi kiderekin batera. Presoak diputatuaren heriotzarekin zerikusia izan zutelakoan lekualdatu nahi zituzten eta horrek eragin ditu istiluak herrialdeko beste hainbat espetxetan ere.

Espetxeak larrialdi egoeran

Akmatbaieven heriotzaren ostean herrialdeko espetxe guztiak «larrialdi egoeran» ezarri zituzten. Zaintzaileek espetxeak utzi zituzten eta zaintza kanpotik egiten da soilik.

Hildako diputatuaren familiak Felix Kulov lehen ministroari leporatzen dio senidearen heriotza eta bere kargugabetzea eskatu zuten. Baina Kurmanbek Bakiev Kirgizistango presidenteak salaketak gezurtatu eta Kulovek bere konfidantza osoa zuela ziurtatu zuen. Espetxeko Sistemako iturrien arabera, matxinadak amaitzeko operazioak abian jartzeko agindua Bakievekeman zuen. Dirudienez, atzo goizean, Moldovanovkako espetxeko zaindariek presoen aurka egin zuten tiro kanpoaldetik. «Ez genien arrazoirik eman tiroka hasteko», azaldu zuen presoetako batek. Era berean, Giza Eskubideen Defendatzaileari espetxera joateko eskatu zion benetako egoera ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.