Gatazka Kaukason

Sei puntuko bake plana hitzartu dute Medvedevek eta Sarkozyk

Akordiora iritsi aurretik, Georgian "bakea inposatzeko" operazioa amaitutzat eman du Errusiako presidenteak eta erasoaldi militarra bukatzeko agindu du. "Bake indarren eta Errusiako herritarren segurtasuna bermatuta" dagoela iritzi dio. Iragarpena egin baino une batzuk lehenago Errusiako armada Gori bonbardatzen ari zen, eta heriotza asko eragin ditu zibilen artean.

2008ko abuztuaren 12a
17:07
Entzun
Hego Osetiako gatazka konpontzeko sei puntuko plana hitzartu dute Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak eta Nicolas Sarkozy Frantziakoak -EBko presidentetza Frantziak du sei hileko honetan-. Bi agintariek eman dute akordioaren berri prentsaurrekoan, eta honako puntuak biltzen ditu: indarraren erabilerari uko egitea; erasoaldi militar guztiak bertan behera uztea; laguntza humanitarioaren sarrera libre uztea; Georgiako armada eta Errusiako bake indarrak gatazka lehertu aurretik zeuden guneetara itzultzea, eta nazioarteko erakundeen arteko debatea hastea Hego Osetiaren eta Abkhaziaren estatusa erabakitzeko.

Sarkozyrekin bilera hasi baino zertxobait lehenago, Georgiako erasoaldi militarra amaitu dutela iragarri du Medvedevek. "Bakea inposatzeko operazioarenhelburua bete dugu. Bake indarren eta Errusiako herritarren segurtasuna bermatuta dago", azpimarratu du Medvedev presidenteak erasoaldiaren bukaera iragartzean. Hain zuzen ere, xedea bete dutelako amaituko dutela nabarmendu du.

Gainera, erresistentzia gunerik sortzekotan "gogor zapaltzeko" agindua eman du presidenteak: "Erasotzailea zigortu dugu eta baja handiak eragin dizkiogu. Haien indar armatuak desantolatu ditugu". Medvedevek erasoaldia amaitzeko agindu die, beraz, armadako buruei.

Nolanahi ere, Medvedevek iragarpena egin baino une batzuk lehenago Errusiako armadak Georgiako Gori hiria bonbardatzen jarraitzen zuen. BBCk zabaldu duenez, bonbetako batek erietxe bat jo du, eta jende asko hil du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.