Sei urtean interes tasak %0 izan ostean dirua garestitu du Japoniako Bankuak

Lehen aldiz, munduko hiru eskualde ekonomiko handietan interes tasak igotzeko joera hartu dute

joxerra senar
2006ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Urte luzez, finantzaketarako baldintzak izoztuta egon dira Japonian, inon baino merkeago. Izan ere, 2000. urteko abuztutik banku arteko interes tasak %0an egon dira, eta tasa ofizialak, berriz,2001eko irailetik %0,1ean. Baina egoera hori amaitu egin da. Atzo, bi eguneko bileraren ostean, pauso sinboliko bat eman zuen Japoniako Bankuak, eta bankuen arteko interes tasak %0,25era eta ofizialak %0,40ra igo zituen. Europa eta Estatu Batuekin alderatuta, diruak oso merke jarraitzen du Japonian, baina adierazgarria bada munduko hiru eskualde ekonomiko nagusietan diru politika gorantz begira egotea lehen aldiz.

Finantza paradisua irudi lezake %0ko interes tasak, baina hori beharrean infernu ekonomiko bat bizi izan du Japoniak. 1997tik deflazioaren eta haren zehar-kalteen gurpil zorotik irten ezinda ibili da. Deflazioak prezioen jaitsiera orokorra esan nahi du: kontsumitzaileentzat pagotxa den arren, maileguak dituzten enpresa, norbanako eta enpresentzako amesgaiztoa da. Deflazioak Japoniako ekonomiari, enpresen inbertsioari eta barne kontsumoari kalte egin dio, eta hura garaitzeko arma nagusia izan da tasak %0an edukitzea.

Baina, azkenean,Japoniak lortu du deflazioari agur esatea. Iazko azarotik, kontsumo prezioak igotzen ari dira, eta, maiatzeko azken datuaren arabera, inflazioa %0,6ra ailegatu da. Martxoko adierazleen arabera, ekonomia %3ko erritmoan hazten ari da, langabezia %4ra jaitsi da, eta Tankan inkestak erakutsi du enpresen inbertsiorako konfiantza oso sendo dagoela.

Horregatik, Japoniako Bankuari iruditu zaio ordua iritsi dela tasak igotzeko. «Epe ertainera eta luzera hazkunde iraunkorra lortzea lagunduko du gaurko [atzoko] erabakiak», arrazoitu du bilera osteko oharrean. Bankuak gaineratu du, dena den, tasek «oso apal» jarraituko dutela. Adituek espero dute ez dela aurten egingo duen igoera bakarra. Urrian edo abenduan tasak igo ditzakeela aurreratu dute.



GOBERNUAREN PRESIOA. Azken asteetan eta hilabeteetan bankuaren gain egondako presioaren erakusle dira hitzok. Izan ere, gobernuak ez du begi onez ikusten igoera, 2000n gertatu zena errepikatuko ote den beldur baita, eta hainbat ministrok ohartarazi dute tasak goizegi igoz gero ekonomiari kalte egin diezaiokeela. Igoeraren aurrean, gogo-mehar eta kritiko agertu izan da Sadakazu Tanigaki Finantza ministroa, baina atzo nabarmendu zuen igoerak «esanahi historikoa» duela, «egoera anormal batetik ateratzeko gai izan delako diru politika».

Diru politikatik haratago, Toshihiko Fukui Japoniako Bankuko gobernadoreari dimititzeko eskaerak handitzen ari zaizkio. Fukui iruzur kasu batek zipriztindu du. Iraganean Yoshiaki Murakami inbertsiogileak gidatutako inbertsio funtsetan inbertitu du. Murakami ekainaren 5ean atxilotu zuten, informazio pribilegiatua baliatuta 2004 eta 2005 arten Nippon Broadcastingen akzioak erosi zituelako. Jakin denez, Fukuiren inbertsioak urteko %20tik gorako errentagarritasuna lortu du. Gobernuak oraingoz babesa eman dio Fukuiri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.