Sekretua kendu diote Espainiako 'Gurtel' auziko epai agiriari

Valentziako PPko legez kanpoko finantzaketaren frogak ematen ditu epaileak, besteak beste

Erredakzioa
2010eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Madrilgo Justizia Auzitegi Goreneko epaile Antonio Pedreirak Gurtel auziko agiriei sekretua kendu die. 50.000 orrialdeetan azaltzen ditu, hain zuzen, Espainian inoiz izan den ustelkeria auzi handienetakoaren gakoak;

besteak beste, Luis Barcenasek-Kantabriako PP Alderdi Popularreko senatari eta alderdiko diruzain orokorra izandakoak-, sarea zuzentzen zuen Francisco Correaren eskutik legez kanpoko eskupekoak jaso zituela dakar (zehazki, 1,3 milioi euro).

Epailearen ebazpenak Valentziako (Herrialde Katalanak) PPko legez kanpoko finantzaketaren datuak ematen ditu. Horren arabera, Orange Market enpresa baliatzen zuten inputatuek trama estaltzeko; diru sarrerak aitzakiatzeko faktura faltsuak igortzen zituzten, ondoren zerga paradisutan zuritzen zituztela.

70 dira auzian nahasitako lagunak, tartean, Valentziako Generalitateko hainbat ordezkari eta hainbat goi kargudun. Bertan dira, besteak beste, Francisco Camps Valentziako Komunitateko presidentea, Vicente Rambla presidente ordea, Fernando de Rosa Justizia aholkulari ohia, Rita Barbera Valentziako alkatea eta Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari nagusi ohia; Orange Market enpresaren eskutik opariak jaso zituztela dio epai agiriak, tartean, 2.400 euroko erlojuak, 2.900 euroko eskumuturrekoak eta 815 euroko zorroak.

PPko ordezkariak, zuhur

Epaileak auzia sekretupetik atera bitartean, zuhurtzia eskatu izan dute PPko ordezkariek. Agiriak agerian geratzean, baina, hamaika izan dira neurriak galdegin dizkieten alderdiak. PSOEk, ERC Esquerra Republicana de Catalunyak, CiU Convergencia i Uniok eta Izquierda Unidak deitoratu egin dituzte ustelkeriarekin loturiko auziak. PPk, baina, ez du neurririk hartu oraingoz; are gehiago, Barcenas diruzain kargutik kendu badu ere, diputatu da oraindik Kongresuan. PSOEko ordezkari Carmela Silvak, hain zuzen, diputatu kargua berehala kentzea eskatu dio PPko buru Mariano Raxoiri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.