Hasi dute Dilma Rousseff kargugabetzeari buruzko eztabaida Brasilgo Senatuan. Epaile bilakatu dira senatariak, eta jardun horretan neutraltasunez aritzeko deia egin die Goreneko buru Ricardo Lewandowskik, ohartaraziz alderdikeriak alde batera uzteko unea heldu dela. Ordea, lehen eztabaida saioak horixe atera du argitara, alegia, alderdien arteko ezin ikusiak.
Rousseffen aldeko ezkerreko senatariek prozesua eteteko eskatu zuten, "prozedura akatsak" izan zirela argudiatuta, eta "kolpista" deitu zieten estatuburua kargugabetzearen aldekoei. Aurkariek, bitartean, Rousseff buru den Langileen Alderdiko "ustelak" espetxeratzeko eskatu zuten oihuka.
Giroa apur bat baretzea lortu zutenean, hasi zen Julio Marcelo de Oliveira fiskalaren deklarazioa. Hark onartu zuen prozeduran "akatsak" izan zirela, baina "iruzur handia" egitea leporatu zion Rousseffi, esanez aurrekontu publikoak arautzen dituzten legeak "urratu" zituela, eta ohartarazi zuen delitu hori Zigor Kodean jasotzen ez den arren, Konstituzioak zigortu egiten duela. Datozen egunetan deklaratuko duten gainontzeko lekukoek ere. Horiek amaitutakoak Rousseff bera joango da Senatura, azalpenak eman eta senatarien galderak erantzutera. Astelehenean izango da hori.
Azken bozketa datorren asteko astearte edo asteazkenean egingo litzateke, eta Senatuak Rousseff kargugabetzea erabakiz gero, egungo jarduneko presidenteak, Michel Temerrek, beteko du haren agintaldia 2019ko urtarrilaren 1a arte. PMDB oposizioko burua da Temer eta Rousseffen aldekoek leporatu diote estatuburuaren arkako prozesua bultzatu izana, boterera heldu ahal izateko.
Kongresuaren baimenik gabe aurrekontu publikoa handitzea leporatuta epaituko dute Dilma Rousseff Brasilgo presidentea. Rousseffek hiru hilabete daramatza kargutik aparte, Brasilgo Senatuak hura epaitzea onartu zuenetik.