Bart bukatu zen AEBetako presidentearen aurkako epaiketa politikoa. Irailaren 25ean hasi zen, eta, ordutik, zeresan handia eman du Donald Trumpen aurkako impeachment prozesuak, baina jakina zen demokraten salaketak aukera gutxi zituela aurrera ateratzeko; Senatua zen oztopoa. Ordezkarien Ganberan demokratak dira nagusi, eta ganbera horrek joan den abenduan eman zion oniritzia epaiketa politikoarekin jarraitzeari; Senatuan, ordea, gehiengo errepublikanoak absolbitu egin du euren alderdikidea.
Zigortzeko, senatarien bi herenek eman behar zuten Trumpen aurkako botoa, eta ez zen halakorik gertatu. Bi akusazio egin zizkioten: botere gehiegikeria eta Kongresua oztopatzea. Senatariek banaka bozkatu zuten, alde edo kontra, salaketa bakoitzari buruz, eta errepublikano bakarrak eman zuen bere presidentearen kontrako botoa, botere abusuaren salaketan: 52 aurka, 48 alde. Kongresua oztopatzeko akusazioaz, berriz, 53 aurkako boto izan ziren, eta 47 aldekoak. Mitt Romney izan zen AEBen historian bere alderdiko presidentearen aurkako botoa eman duen lehen senataria. Romneyk bozketa baino ordu batzuk lehenago iragarri zuen bere erabakia, eta Ukrainari eman beharreko laguntza militarra «interes pertsonalerako eta politikorako» erabiltzea egotzi zion Trumpi.
Ondorioz, Trumpek aurreikusi bezala amaituko du legegintzaldia. Oraingoz, presidenteak ez du adierazpenik egin, baina, azaldu duenez, gaur arratsaldeko 18:00etan egingo du agerraldia Etxe Zurian, «garaipenaren balorazioa» egiteko.
Demokratek, berriz, gogor kritikatu dute senatari errepublikanoen jarrera. Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentearen ustez, errepublikanoek «Trumpen legez kanpoko jokabidea normalizatu dute». Epaiketan zehar hainbat testigantza eta dokumentutarako sarbidea oztopatu izana ere egotzi die errepublikanoei, eta gogorarazi du Trumpen jarrera «desegokia» izan dela estatubatuarren %75en arabera. Bart, dozenaka pertsona bildu ziren Kapitolioaren kanpoaldean, emaitzaren aurka manifestatzeko, eta Poliziak horietako hainbat atxilotu zituen.
Hauteskundeetara begira
Ustez, Trumpek libre du kanpainarako bidea; izan ere, adituen arabera, impeachment prozesua gehiago izan da hauteskundeei begira egindako mugimendu bat, Trump kargutik kentzeko saiakera bat baino. Demokratek bazekiten ia ezinezkoa zela Senatuak presidentea kargugabetzea. Pelosik, ordea, herritarren iritzia aipatu du, eta, prozesu guztiaren ostean, ikusteko dago zer iritzi gailenduko den hauteskundeetarako urtebete baino gutxiago falta dela —azaroaren 3an izango dira bozak—: demokratek ongi jokatu dutela, eta errepublikanoek, ordea, gaizki, Trump babestuta; edo presidentea boteretik kentzeko maniobra baten biktima izan dela.
Luzea izango da kanpaina AEBetan. Trumpek atzo egin zuen urtero eskaintzen duen estatuaren batasunaren egoeraren diskurtsoa; ekitaldiak, Gobernuaren norabidea aztertzeko saio baten itxura baino gehiago, kanpainako ekitaldi baten itxura izan zuen. Demokratak, berriz, hasi dira primarioekin, Trumpi Etxe Zuriko giltza kentzen nor saiatuko den hautatzeko. Iowako estatuko bozketen arabera, Pete Buttigiegen eta Bernie Sandersen artekoa izango da lehia; hautagaien artean dago impeachment prozesuan protagonista izan den Joe Biden ere.
Salaketaren jatorria
Demokraten salaketa politikoaren jatorria zera da, Trumpek Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari eskatu zion ikerketa bat, zehazki Joe Biden Alderdi Demokrataren presidentegai izateko lehiakide eta AEBetako presidenteorde ohiari eta haren seme Hunterri buruz, Ukrainan egin zituzten jardueren inguruan. Trumpek berak onartu zuen hori. Ukatu zuena da xantaia egin zionik Zelenskiri AEBetako Kongresuak Kievi agindutako 365 milioi euroko laguntza militarrarekin. Presidenteak blokeatua zuen laguntza hori, eta 2019ko irailaren 11n desblokeatu zuen. Demokraten ustez, Trumpek konstituzioa eta lege federala urratu zituen, baina, presidentea ezin zutenez auzipetu, impeachment-a zen hura kargutik kentzeko bide bakarra. Halere, ez dute lortu Trump kargutik kentzea, eta presidenteak horri egin dio erreferentzia Twitterren publikatu duen bideo batean:
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) February 5, 2020