Emakumeekiko erakutsi zuen jarreraz gain, Senatuan egindako adierazpenek zalantzan jarri zuten epaile kontserbadorearen hautagaitza, inpartzialtasun falta erakutsi baitzuen senatariek egindako galderak erantzuteko orduan. Baina, zalantzak zituzten ordezkarientzat, arrazoi horiek guztiak ez dira nahikoak izan hautagaitzari ezezkoa emateko —50 senatarik egin dute haren alde, eta 48k, kontra—.
Gizartearen ikuspuntutik, Kavanaughen izendapenak agerian utzi du herrialdeak zatituta jarraitzen duela, Trump AEBetako presidente bilakatu zenean abiaturiko joeran sakonduz; gaurko bozketak, beraz, azaroaren 6ko hauteskundeetan eragina izango du —Ordezkarien Ganberaren osaketa hautatu dituzte herritarrek, eta Senatuko 35 eserleku izango dira jokoan—. Kalean protestak izan dira, eta Senatuko korridoreetan ere epaile kontserbadorearen aurkako oihuak entzun dira, senatariak bozkatzen ari zirenean.
Urte eta erdiko epean, Trumpek bi epaile kontserbadore jarri ditu Gorenean, eta auzitegiak eskuinera egin du —2017ko otsailean Neil Goschum proposatu zuen, eta Senatuak baiezkoa eman zion—. “Egun handia Amerikarentzat”, txiokatu du AEBetako presidenteak.