BRASIL

Senatuak Rousseff epaitzea onartu du

Eztabaida luze baten ostean, Brasilgo presidentearen aurkako epaiketa politikoa onartu du senatuak: 55 senatarik bozkatu dute alde eta 22k kontra. Bost urteko presidentetza gaur etengo zaio Rousseffi.

Brasilgo Senatua, eztabaidaren hasieran. CADU GOMES / EFE
2016ko maiatzaren 12a
07:44
Entzun

Brasilgo politika alde batera eta bestera dabil zabuka, iparra aurkitu ezinik. Dilma Rousseff Brasilgo presidentea kargutik kentzeko prozesuak eragindako zurrunbiloaren erdian, Senatuan egin duten bozketa mugarri izango da datozen urteei begira. Eztabaidan hainbat orduz luzatu da, eta gutxienez 41 senatariren babesa behar zuen Rousseff egozteko prozesuak; 55ena lortu du.

Espero zen emaitza hori. PT alderdiak senatuan duen buru Humberto Costak ere aitortu egin zuen Rousseff "auzipetua" izango zela. 2014ko hauteskundeetan PTk bederatzi alderdiren babesa jaso bazuen ere, gehienak oposiziora lerratuz joan dira. Bakardade politikoak irentsita, kargugabetzeak aurrera eginda, Rousseff behartuta dago gaur bertan Planaltoko Jauregitik alde egin eta kargua uztera prozesuak iraun ditzakeen 180 egunetan. Behin prozesua amaituta, errugabetzat jotzen baldin badute, kargua berreskuratuko luke. Osterantzean, Brasilgo lehen presidentea litzateke bi hamarkada baino gehiagotan kargua uzten, eta erabakiak amaierako puntua jarriko lioke ezkerreko PT Langileen Alderdiaren hamahiru urteko gobernuari.

Esku aldaketa

Rousseffen kargua Michel Temer PMDB oposizioko buru eta gobernuko presidenteordeak hartuko du aldi baterako. Temer Rousseffen etsai nagusienetakoa bihurtu da; hark zuzenduko luke behin-behineko gobernua senatuak baiezkoa emanez gero. Epaiketa politikoan Rousseff errudun joz gero, Temerrek zuzenduko luke gobernua 2019ko urtarrilaren 1era arte.

PTk epaiketa politikoa bertan behera uzteko egindako azken ahalegina antzua izan zen. Herenegun Estatuaren abokatuak impeachment-a balirorik gabe uzteko eskatu zion Auzitegi Nagusiari, akats prozesalak zeudela argudiatuta. Atzo, baina, senatarien arteko eztabaida hasi aurretik, kasua aztertzen ari den Teori Zavascki magistratuak eskaria baztertu egin zuela azaldu zuen.

Gobernuaren aurrekontuaren defizita «makilatu» izana egozten diote Rousseffi, bai eta programa sozialak martxan jartzearren banku publikoekiko pilatutako zor handiak isilean gordetzeagatik. Aurreko gobernuen ohiko jarrera izan da aurrekontuak makilatzea. Rousseffek bere aurkako «kolpetzat» jo izan du prozesu politikoa.

"Ni ez naiz mendean hartzekoa"

1947an jaio zen Bello Horizonten Dilma Vana Rousseff, eta gaztetatik hasi zen politikan: 60ko hamarkadan Brasilgo diktaduraren kontrako mugimenduan parte hartu zuen, eta Palmares Abangoardia Armatu Iraultzaileko kide izan zen. Kartzela ere ezagutu zuen: 1970ean atxilotu eta torturatu egin zuten, eta hiru urtean eduki zuten kartzelan.

Rio Grande do Suleko unibertsitatean lizentziatu zen Ekonomian, Alderdi Demokratiko Laborista berregituratzen lanean zebilen bitartean. 1991. urtean ekin zion jardun instituzionalari: Alceu Collaresen Rio Grande do Suleko gobernuan Energia ministro izan zen 1991 eta 1995 artean, eta Olivio Dutraren gobernuan kargu hori izan zuen. Laboristen alderdia utzi egin zuen dobernuarekin ados ez egoteagatik, eta PT Langileen Alderdian afiliatu zen 1999an. Luiz Inacio da Silva Lula-k 2003an Energia ministro jarri zuen, eta 2005ean Presidentetzako Ministerioko arduradun. 2011z geroztik egon da Rousseff presidentetzan.

Gogorregia da, aurkarien ustez. Margaret Thatcherrekiko konparazioari horrela erantzun zion: "Emakumeek, hainbat kargu hartzen dituztenean, gogorrak izan behar dute. Ni ez naiz mendean hartzekoa, eta nire herriarentzat onena dela iruditzen zaidanarekin obligatu naiz".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.