Senegalgo Gobernuak eta Casamanceko Indar Demokratikoetarako Mugimenduak (MDFC) su-eten akordioa sinatu zuten atzo. Bi aldeek ez zituzten azaldu hitzarmenaren nondik-norakoak. Baina hango komunikabideen arabera, desarmatzea eta matxinoak bergizarteratzea dira baldintzetako batzuk. Era berean, herritarrei batetik bestera mugitzeko baldintzarik ez jartzeko konpromisoa hartu zuen Gobernuak, eta baita adierazpen askatasuna babestekoa ere. Bake negoziazioak gainbegiratuko dituen batzorde bat osatzea ere adostu zuten bi aldeek. Taldea, Gobernuko, Armadako, MFDCko eta alderdi politikoetako kideek osatuko dute.
Abdoulaye Wade Senegalgo presidentea izango da bake prozesua gainbegiratuko duena. Wadek duela lau urte hartu zuen kargua eta orduan, gatazkarekin amaituko zuela iragarri zuen.Milaka pertsona bildu ziren atzo Ziguinchor hirian hitzarmena sinatzeko ekitaldia ikusteko asmoz. Ousman Ngom Barne ministroa eta Diamancoune Senghor MDFC mugimenduko burua izan ziren bi aldeen ordezkariak. Han izan zen Senegalgo presidentea ere. Akordioak ez du gatazkaren amaiera islatzen. Bai, ordea, bake prozesuaren hasiera. Hitzarmena sei hilabeteko negoziazioen ondoren lortu dute. MDFCko hiru talde akordioaren aurka agertu dira. Horien ustez, «atzekoz aurrera egin dituzte lanak», akordio politikoa lortu aurretik sinatu dutelako su-etena.
Gatazka luzea
Casamance Senegalgo hego-mendebaldeko eskualdea da. Antzina Erresuma Batuaren menpe egon zen. Senegaldar gehienak wollof tribukoak dira. Eskualde horretan, aldiz, ez. Ondorioz, 1982ko abenduaren 26an Casamanceko herritarrak altxatu egin ziren, euren eskubideak aldarrikatzeko. Geroztik 3.500 pertsona hil dira eta beste milioi bat inguruk beren etxeetatik ihes egin behar izan dute.
Matxinoak Gambiako eta Ginea Bissauko mugetan ezkutatzen dira. Baina azken urtean, ia ez da enfrentamendurik egon Senegalgo Armadaren eta matxinoen artean. Bestalde, azken hilabeteotan borroka bakan batzuk izan badira ere, ez dago argi matxinoek edo gaizkileek eragin dituzten. Egoera hortaz baliatu da Wade Senghorrekin bildu eta hitzarmen alortu ahal izateko.1982an, gobernuaren egoitzan dagoen Senegalgo bandera kendu eta zapitxuriarengatik ordezkatu nahi izan zuten manifestariek. Urtebete geroago, 1983ko abenduaren 18an, beste manifestazio bat antolatu zuten Casamanceko herritarrek. Egun hartan 25 lagun hil eta beste 260 atxilotu zituzten Poliziaren eta manifestarien arteko enfrentamenduetan.Gatazka MFDCren adar armatuak abiatu zuen, Atika izenekoak, alegia. Bi aldeen arteko enfrentamenduak 1990eko hamarkadaren hasieran eta 1997an eragin zituen hildako gehien. Gauzak horrela, 2000. urtean hautatu berria zen Wade presidenteak MFDCko buruarekin negoziatzeko pres zegoela irgarri zuen. Bake akordioa hurrengo urtean sinatu zuten bi aldeek, baina bertan behera geratu zen, ekintzaileek egindako atentatuen ondorioz.
Lehen urratsak
Negoziazio luzeen ondoren, joan zen abenduaren 4ean Senghorrek Ziguinchorren egingo zen ekitaldira gonbidatu zuen Wade presidentea, egindako lanarengatik eskerrak emateko. MFDC erakundeko jarraitzaile ugari bildu ziren ekitaldian.
Akordioaren bitartez, nazioarteko giza laguntza ere lortuko dute Casamance eskualdeko herritarrek.
SENEGAL. Su-etena hitzartu dute Gobernuak eta matxinoek
MFDCko kideek armak uztea da bake akordioaren puntu nagusietakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu