SERBIA ETA MONTENEGRO. Independentziari buruzko galdeketa maiatzean egitea aztertzen ari dira

Serbiatik banatzeko %50eko parte-hartzea eta botoen %55 behar dituzte

ERREDAKZIOA
2006ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Duela lau urte federazioa osatzea hitzartu zuten Serbiak eta Montenegrok, baina azken horrek independentzia zuen amets. Orain hori lortzeko bidea izango du, independentziari buruzko erreferenduma datorren maiatzaren 21ean egitea aztertzen ari da Legebiltzarra. Atzo zuten erabakia hartzekoa, baina, lerro hauek idazteko unean ez zuten eztabaida bukatu. Hauxe izango da herritarrei egingo dieten galdera: «Nahi al duzu Montenegro estatu independente bat izatea nazioarteko eta lege aldetiko zilegitasun guztiarekin?». Herritarren %55ek erantzun beharko diote baietz galdera horri Montenegro Serbiatik banatu ahal izateko. Parte hartzeak, berriz, gutxienez %50ekoa izan beharko du.

Azken inkesten arabera, %43 banaketaren aldeko dira, %31 Serbiarekin batera jarraitzearen aldeko eta herritarren %24, berriz, zalantzan daude. Europako Batasunak Montenegron duen ordezkari Miroslav Lajcaken ustez, erabakitako boto kopuruak betetzea beharrezkoa da prozesua zilegia izan dadin. Baina montenegroar asko Serbian bizi dira, eta horiek ez dira independentziaren aldekoak, ezta Montenegron bizi diren serbiarrak ere.

EBrako bidea

Montenegroar gehienak ez dira serbiar sentitzen. Horretaz gain, independentzia lortuz gero, Europako Batasunerako bidea azkarrago egingo dutela uste dute gehienek, baita gobernu independentistako buru Milo Djukanovicek ere. «Jugoslavia ohia erabat desagertuko da horrela. Arazorik gabe konponduko dugu auzia, nahiz eta denbora beharko dugun egoera sendotzeko», esan zuen prozesua gainbegiratzeaz arduratzen den politikari serbiar batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.