Tadicek Lankidetza eta Egonkortasunerako Akordioa izenpetu zuen apirilaren 29an Bruselarekin, hau da, Europako Batasunean sartu ahal izateko aurreko urratsa. Europaren aldeko DS Alderdi Demokratikoa bozetan laguntzeko azkartu du adostasuna EBk hauteslekuen atarian. Hamazazpi estatuk serbiarren gehiengoari doako bisak ematea onartu dute, helburu berarekin. Serbiako muturreko sektoreak sumindu egin ditu Tadicek Europarekin akordioa egin izanak, eta saldukeria egitea leporatu diote. Hiltzeko mehatxua ere jaso du gutun bidez, hedabideen arabera. Bruselarekin akordioa egitea funtsean Kosovoren independentzia onartzea dela diote Vojislav Kostunica lehen ministroak eta DSS Serbiako Alderdi Demokratikoak. Konstituzioaren aurka aritzea, presidente karguaren zina egitean gezurra esatea, eta estatua hausteko saioen konplize izatea leporatu diote asteotan Tadic presidenteari.
Kostunicaren hitzetan, «Kosovo Serbia da» esamoldea gehitzea premiazkoa da akordioa onargarria izateko. Bi agintalditan lehen ministro kargua izan duen agintariak Europarekiko jarrera baikorra aldatu du Kosovoren auziaren ondoren. Tomislav Nikolic SRS Serbiako Alderdi Erradikaleko buruzagia ere Serbia Europako Batasunean sartzearen aurka azaldu da, ohi denez. «EBren ateak itxita daude orain Serbiarentzat, atea zabaltzeaerabakitzen dutenean sartuko gara, baina herrialde batu gisa eta duintasunez». Bitartean, beste bide batzuk hobestearen aldekoa da: «Errusiak ituna egitea erabakiko balu, EBren eragina gutxitzeko, Serbia hor izatea bultzatuko dut».
Tadicek beste alderdiei egotzi die Kosovo aitzakia hartuta Serbiaren Europarako ibilbidea oztopatzea: «Hauteskunde helburuarekin bakarrik mehatxu eta akusazio berriak egiten dituzte, saldukeria egotzita, abertzaletasuna edo ez abertzaletasuna, eta Serbia berriz 1990eko hamarkadako giroan murgiltzen da». Alderdi Demokratako presidenteak «kanpaina baikorra» egitea nahiago izan du, Europan sartzeak Serbiarentzat ekarriko zituen abantailak nabarmenduta, garapen ekonomikoa eta kanpo inbertsioak funtsean. Europak ez du alternatibarik; Europak 200.000 lanpostu sortuko ditu; Lanak ezin du itxaron leloak irakur daitezke Serbia europarraren aldeko zerrendaren karteletan. DS Alderdi Demokratikoaren inguruan osatu dute koalizio hori.
GOBERNU NEGOZIAZIO KONPLEXUAK. Iazko bozen ostean DSk eta DSS-NSk egin zuten koalizio-gobernua zartatu zuen martxoan EBn sartzeko eztabaidak eta Kosovoren auziak. Europako estatuek oro har independentzia onartu zutelako Bruselarekin harremanak moztea ebatzi zuen Kostunicak. DS alderdiak, ordea, kontrako bidea hartu zuen, bai gobernuan, eta baita Tadicek ere presidentetzatik, otsailean kargua berriz zin egin ostean. Aburu talka horren ondorioz, Kostunicak dimisioa eman zuen, eta Tadicek bozak aurreratu behar izan zituen.
Inkesten arabera, Nikolicen SRS Serbiako Alderdi Erradikalak eta Alderdi Demokratikoak lehia estua izango dute Legebiltzarraren kontrola eskuratzeko. Botoen herena baino gehiago lortuko luke alderdi bakoitzak. SRSk %36 eta %35 DSren inguruan eratutako Europaren aldeko zerrendak. Kostunicaren alderdiak botoen %12 lortuko lituzke, eta behera egingo lukeiazko bozetatik. LDP Alderdi Liberal Demokratikoak %8ko babesa izango luke. Alderdi bakarra da Kosovoren independentzia onartzen duena. Slobodan Milosevic presidente ohiak zuzentzen zuen SPS Serbiako Alderdi Sozialistak botoen %7 jasoko lituzke, inkestak zuzen ibili badira.
Horiek hala, bozen ostean Gobernua osatzeko negoziazio zailak izango dira adituen ustetan, eta gerta liteke bozak errepikatu behar izatea ere. Kostunicaren alderdiak balantza erabaki dezake iaz bezala, baina aurreko Gobernuaren porrotaren ostean Europaren aurkako koalizio gobernuaren alde egin lezake orain, SRSrekin. Milosevicen alderdi ohiak ere izan lezake Gobernuaren giltza, batari zein besteari agintea emateko. Bozetan serbiarrek EBn sartu nahi dutela azaleratzen bada, Tadicen alderdiak Gobernua hartzeko aukera edukiko luke, baina alderdi txikiren baten sostengua beharko luke Legebiltzarrean gehiengoa izateko. Otsaileko presidentetzarako bozetan%3ko aldearekin irabazi zion Tadicek Nikolici. Parte-hartze handia espero da. Kosovon serbiar jatorriko 52.000 herritarrek ere hartuko dute parte.
Gerran desagertutako serbiarrei jazo zitzaiena ikertzea nahi du HRWk
Human Rights Watch (HRW) erakundeak dei egin die Albania eta Kosovoko gobernuei 1999ko gerran desagertutako 400 serbiarrei zer gertatu zitzaien argitzeko ikerketa independenteak eta gardenak abian jar ditzatela. Hashim Thaci Kosovoko lehen ministroari eta Sali Berisha Albaniakoari gutun bana bidali zien apirilean giza eskubideen aldeko erakundeak. ICTY Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusia ohiak, Carla Del Pontek, Ehiza: Ni eta gerra kriminalak liburuan jakinarazi zuenez, ehun eta hirurehun serbiar artean bahitu eta deportatu zituzten Kosovo iparraldetik Albaniara. Ondoren, ehunka pertsonen gorpuak lurperatu eta organo trafikoa egin zutela adierazi zuen Del Pontek. HRW erakundeak sinesgarritasuna eman dio liburuari ICTYk egindako ikerketen ondorio direla onartuta.«Bozak erreferenduma dira, erabakitzeko Europara joan nahi dugun edo Balkanetan bakartuta gelditu»
Boris tadic
Serbiako presidentea
«'Kosovo Serbia da' esaldia gehitzea premiazkoa da Europako Batasunarekiko akordioa onargarri izateko»
Vojislav Kostunica
Serbiako lehen ministroa