Gaur hasi dute Kosovoren etorkizunaz negoziatzeko azken bilera sorta, Vienan (Austria), eta aurreikus zitekeena gertatu da: Serbiak baztertu egin du NBEren proposamena. Kosovok, berriz, independentzia nahi duela esan du berriro.
NBEren proposamenak ez du Kosovoren independentzia aipatzen baina, besteak beste, Kosovok nazioarteko erakundeetan sartzeko duen eskubidea aipatzen du. "Proposamena, eraiki nahi dugun geroarekin ez dator bat", esan du Dusan Batakovic Serbiako ordezkariak. Serbiak ez du estatuaren banaketarik nahi, eta "gehienez, Kosovoren autonomia zabala" onartuko du.
Kosovok, NBEren asmoa hobetzeko asmoz, emendakin batzuk aurkeztuko ditu egunotan, "baina hobekuntza horiek Kosovo independente batean baino ezin dira gauzatu".
Gaurtik martxoaren 2ra arte NBEren txosteneko 12 puntuak banan-banan aztertuko dituzte, eta martxoaren 10ean proposamena osorik. Gero aurkeztuko du Martti Ahtisaari NBEren ordezkariak behin betiko proposamena bere erakundean, eta honek erabaki bat hartu beharko du.
NBEko Segurtasun Kontseiluko kideen artean, orain arte Errusiak azaldu du jarrera argiena, eta ez dago Kosovori inolako estatusik onartzeko prest, kate-erreakzioa ekarriko duelakoan Sobiet Batasuna osatzen zuten herrietan, baita Europan dauden beste hainbat herritan ere. Behar izanez gero, Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea erabiltzeko prest dago Errusia.
Mundua
Serbiak baztertu egin du NBEren proposamena eta Kosovok independentzia eskatu du
"Eraiki nahi dugun geroarekin ez dator bat", esan du Dusan Batakovic Serbiako ordezkariak. Serbiak ez du estatuaren banaketarik nahi, eta "gehienez, Kosovoren autonomia zabala" onartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu