Serbiak ez du Kosovorekiko jarrera aldatuko EBko kide izatearren

Europako Kontseiluak hautagai estatusa eman dio Belgradi, berriz ere Pristinarekin negoziatzen hasi denean

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Serbiarentzat garrantzitsua da Europako Batasunean sartzea, eta lehen urratsa egin du: hautagai estatusa lortzea. Kide izateak garapen ekonomikoa ekarriko dio Belgradi, eta horretarako ahalegin handia egin beharko duela badaki, baina gobernua ez dago prest edozein preziotan bidea egiteko, alegia, Kosovori independentzia aitortzeko baldintza ez du inolaz ere onartuko, Boris Tadic Serbiako presidenteak argi eta garbi utzi duenez: «Ez atzo, ez gaur eta ez bihar ere. Serbiaren jarrera argia da».

Baina Europako Kontseiluak hautagai estatusa ematea —atzo egin zuten ofizial—, neurri handi batean, Kosovorekin azken negoziazioek eman dituen emaitza onen ondorioa izan da, eta, aurrerantzean ere, bi herrialdeen arteko harremanen bilakaerak baldintzatuko du Serbia Europako Batasuneko kide izateko erabakia: Kontseiluak hori berretsi du hautagaitza ematerakoan ere.

Orain bide luzea hasiko du Serbiak, baina Boris Tadicentzat Kosovorekin egin ditzakeen hitzarmenek ez dute zerikusirik independentzia onartzearekin. Energia alorrean, telekomunikazioenean edota mugako auzian lortutakoak dira urratsak Belgraderentzat, ez gehiago.

Orain artekoek, ordea, besterik erakusten dute. Bi urte behar izan ditu Belgradek dagoen lekura iristeko. 2009an Europako Kontseiluak aukera eman zion bidea hasteko, baldin eta Kosovorekin harremana hobetzen bazuen, baina iazko udan eta udazkenean istilu larriak izan ziren bi herrien arteko mugan, NATOren hainbat soldadu zauritzeraino, eta abenduan Europako Kontseiluak zigortu egin zuen Belgrad, hautagaitza beste baterako uztea erabakiz.

Kosovorekin negoziazioak

Atzo arte. Joan den astean Europako Batasuneko bitartekaritzarekin Kosovoren eta Serbiaren arteko negoziazioek aurrera egitea lortu zuten, eta horri eskerrak lortu du hautagai estatusa. Negoziazioetan Serbiak onartu du Pristinak bere banderarekin eskualdeko hainbat forotan parte hartzea, eta bi herrialdeen arteko mugetan kontrol bateratuak jartzea, besteak beste, eta hori abiapuntua besterik ez dela nabarmendu du Europako Batasunak. Horrez gainera, nazioarteak gerra krimenengatik eskatutako kideak ere entregatu behar izan ditu.

Hemendik aurrera kide izateko egiten duen bidea Kosovorekin lortzen duen ulermen mailarekin zuzenean lotuta egotea garrantzitsua da EBrentzat, bere kideen artean ez du-eta lurralde gatazkarik nahi; Turkiaren eta Ziprerenartekoa dauka aurrekari. Tadicek, ordea, etxekoei begira, eta batez ere oposizio gogorrari, kontrako mezua helaraztea beste erremediorik ez du. Gainera, Serbiak ez du zalantzarik egiten bere alde egingo dutela Kosovo onartzen ez duten Europako estatu kideek: Espainiak, Errumaniak, Ziprek, Greziak eta Eslovakiak; eta presio bide hori erabiliko du.

Boris Tadici ederki kosta zaio Europaren ateak zabaltzea. 2004an lortu zuen presidentetza, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen, legebiltzarra kontra baitzuen. EBk Radovan Karadzic eta Ratko Mladic gerra buruzagiak entregatzeko eskatua zuen, baina Hagak uste osoa zuen Belgradek babesten zituela. Tadicek, berriz, ez zituen armadako zerbitzu sekretuak kontrolatzen, eta eskuak loturik zeuzkan, Europari bestelakorik erakusteko.

2007an, berriz, emaitza hobeak eskuratu zituen legebiltzarreko hauteskundeetan, eta egoera apur bat hobetu zitzaion. 2008an Kosovo galdu zuenean, serbiarrentzat kolpe gogorra izan zen, eta jarrera hertsia erakutsi zuten Europarekiko negoziazioetarako kaltean. Karadzic eta Mladic atxilotu zituztenean, berriz, Bruselara begira jartzeko aukera zabaldu zitzaion.

Orain hautagai estatusarekin Mazedonia eta Montenegro dauden leku berean jartzen dute Serbia, baina kide izateko denbora ezin da aurreikusi, herrialde bakoitzak bere ibilbidea egiten baitu. Kroazia, besteak beste, 2013an izango da kide, eta 2004an hasi zuen bidea. Bederatzi urte behar izan ditu. Aldiz, egun berean hasi zen kide izateko negoziatzen Turkia, baina gaur da eguna oraindik ez duela aurrera egitea lortu, hautagaitza 1999an lortu zuen arren.

Errumaniaren jokaldia

Joan den astean Kosovorekin negoziazioak ongi ateratzea lortu ondoren, Errumania oztopoak jartzen hasi zen, ezustean. Bukarestek Serbian bizi den gutxiengo errumaniarren komunitatea jarri zuen aitzakia ez onartzeko, baina horren atzean Errumania Schengen eremuan ez sartzeko erabakia dagoela diote diplomazialariek —Herbehereetan daude kontra—.

Azkenean irtenbidea topatu zioten, Errumaniak Europako gainerako kideekin aurrez aurrekoa saihesteko: errumaniarren gutxiengoa babesteko akordioa eskuratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.