Egungo Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak aurreratzea erabaki du Vojislav Kostunica Serbiako lehen ministroak, Gobernuaren baitan ez direlako ados jartzen politika lerro garrantzitsuenen inguruan. Etorkizunera begira ez dira ados jartzen Europako Batasunarekin izan behar dituzten harremanei buruz, eta, batik bat, independentzia aldarrikatu berri duen Kosovoren inguruan hartu beharreko jarreraren inguruan.
"Gobernuak ez du politika bateraturik. Ez dauka politika bateraturik herrialdearen etorkizunari dagokionez, zehazki, Kosovori buruz. Politika bateraturik ez duen Gobernuak ezin du funtzionatu. Hau da bere amaiera", argudiatu du Kostunicak erabakia hartzeko.
Gobernuko kide diren alderdi guztiek EBn sartu nahi dutela ziurtatu du, baina auzia honakoa dela: Kosovorekin edo Kosovorik gabe. "Koalizioan ez da egon borondate argirik esateko Serbiak Kosovorekin soilik egin dezakeela EBranzko bidea", erantsi du.
Hauteskunde orokorrak maiatzaren 11n egitea proposatu du Kostunicak, udal hauteskundeekin batera. Hala ere, astelehenean egingo du Gobernuak Legebiltzarra desegitea eta hauteskundeak aurreratzea erabakitzeko batzarra.
Mundua
Serbiako lehen ministroak hauteskundeak aurreratu ditu, Gobernuak ez duela Kosovori buruzko jarrera bateraturik
Maiatzaren 11n egitea proposatu du, udal hauteskundeekin batera. Politika bateraturik ez duen Gobernuak ezin duela funtzionatu argudiatu du Vojislav Kostunica lehen ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu