Serge Haroche frantziarrak eta David J. Wineland estatubatuarrak jasoko dute aurten Fisikaren Nobel saria, Suediako Zientzien Akademiak gaur jakinarazi duenez. "Banako sistema kuantikoak neurtzeko eta manipulatzeko aukera ematen duten esperimentazio metodo iraultzaileengatik" emango diete saria.
Harochek eta Winelandek egindako ekarpenek bidea urratu dute, besteak beste, etorkizunean superordenagailu kuantikoak eraikitzeko. ”Fisika kuantikoaren esperimentazioan, aro berri bati atea zabaldu diote”, adierazi du Nobel sarietako epaimahaiak.
Bihar Kimika alorreko irabazlea nor izango den esango du akademiak, etzi Literaturakoa, ostiralean Bakekoa eta astelehenean Ekonomiakoa. Abenduaren 10ean emango dituzte sariak.
Orain arte jakinarazitako saridunak
- Medikuntza. John B. Gurdon eta Shinya Yamanaka, "zelula helduak pluripotente bihurtzeko birprogramatu daitezkeela” frogatu dutelako.
- Fisika. Serge Haroche eta David J. Wineland, "banako sistema kuantikoak neurtzeko eta manipulatzeko aukera ematen duten esperimentazio metodo iraultzaileengatik".